Elortatxu hobia (Gamiz-Fika, Bizkaia)
KOKAPENA | Elortatxu. Gamiz-Fika (Bizkaia) |
BIKTIMAK | 1 + 2 |
IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMAK | 1 |
DATA | 2019ko ekainaren 8a eta azaroaren 24a |
Patxi Jaka Bikandi, (1905/4/13, Amorebieta-Etxano – 1937ko ekaina, Gamiz-Fika): ezkondua, lau alabaren aita. Gerran, Izquierda Republicanari atxikitako Zabalbide batailoian borrokatu zuen. Haren familiak urte hauetan guztietan jarraitu du haren bila, eta, horrela, haren alabetako batek, Teresak, emandako DNAri esker identifikatu ahal izan dute. Aitaren gorpuzkiak identifikatu baino aste batzuk lehenago hil zen Teresa, eta haren beste alabak, Nekanek, jaso ahal izan zituen gorpuzkiak 2023ko otsailean, Gogora Institutuaren egoitzan, Bilbon. Bere gorpuzkiak Etxanoko hilerrian daude.
Gamiz-Fikako bizilaguna da Lander Mella. Hark jakinarazi zion Aranzadi Elkarteko Antropologia Sailari bere baserriaren lursailetan borrokalari batzuen gorpuak lurperatuta zeudela. Izan ere, halaxe kontatu zion bere aitonak. Lurperatze horietako batzuk non zeuden ere bazekien.
Elortatxu inguru guztian, borroka latzak egon ziren armada frankista Bilbora iritsi aurreko egunetan. 1937ko ekainaren 11n, zehazki, Nafarroako Brigada eta Tetuaneko Unitate-tropa inguru horretara iritsi ziren. Borrokak egon ziren, eta Zabalbide batailoian (posizio hori defendatzen ari zen), baja ugari egon ziren. Zabalbideri laguntzen saiatu zen Kirikiño metrailadore-batailoia, eta hark ere baja ugari izan zituen.
Hezur-hondar horiek plataforma batean aurkitu ziren, hegalaren oinean, haritz eta konifero batzuen ondoan, erreka txiki baten ibilgua (Done Mikel ermitatik 800 metro ingurura) bereizten duen alanbre-hesi batetik hurbil.
2019ko ekainean, borrokalari baten gorpua ateratzeko lanak hasi ziren. Gorpua ahoz gorako etzanera zegoen, goiko gorputz-adarrak irekita eta altxatuta, eta beheko gorputz-adarrak luzatuta eta angeluan jarrita, enborrarekiko. Heldu gazte baten gorpua zela ondorioztatu zen, 25 urtetik beherakoa.
Jantzitik, Euzko Gudarosteko gerriko-belarri bat aurkitu zen garezurraren eta sorbaldaren artean. Ezkerreko koxalaren ondoan, baioneta-zorro bat eta belarri bat berreskuratu ziren. Oinetakoak zituen, baina eskuinekoa soilik aurkitu ahal izan zen. Izan ere, lekukotzei esker jakin ahal izan zen ezkerreko oinetakoa aurretik atera zela. Era berean, munizio-kargagailuak eta kartutxo isolatuak aurkitu ziren.
Gorpuaren posizioa ikusita, pentsatzekoa da borrokalari hori tiro edo metraila batek jota erori zela. Hildakoa nola erori zen islatzen du posturak.
Urte horretako azaroan, lehenengoaren ondoan beste ehorzketa batzuk egon zitezkeela berrestean, leku hartan gorpuzkiak ateratzeko lanak egin ziren, bigarrenez. Orduko hartan, bi lurperatze indibidual aurkitu ziren, lehenengoaren ondoren. Hirurak zeuden elkarrengandik oso gertu, egungo alanbre-hesiaren paraleloan, eta ziur aski leku horretan zegoen lubaki edo parapetoarekin lotuta.
Elortatxun gorpuzkiak hobitik ateratzeko lehen eta bigarren faseetan honako hauek egon ziren: Josu Erkoreka, Justiziako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea; Asier Larrabe, Gamiz-Fikako alkatea; Aintzane Ezenarro, Gogora Institutuko zuzendaria; eta Lander Mella, lurperatzeak deskubritu zituena eta lursail horien jabea zena.
2. gizabanakoa ahoz gorako etzanera zegoen, hankak luzatuta eta ezkerreko besoa tolestuta, eskua abdominalen zuloan, eta eskuineko besoa zabalik eta tolestuta. Lotutako elementuen artean jertse baten kremailera deskubritu zen, toraxean, eta hezurrean landutako belarri angeluzuzen bat sakroaren gainean. Kasu horretan ere, Lebel munizioa zegoen eskuineko aldean, eta hainbat Lebel kartutxo solte. Eskuineko oinetik hurbil, Mauser munizio-kargagailua ere aurkitu zen.
Gizonezko heldu gazte baten gorpua zen, 23 urtetik beherakoa, konstituzioz oso mehea.
3. gizabanakoa zertxobait urrunago zegoen. Ahoz gorako etzanera zegoen, besoak zabalik, ezkerreko besoa apur bat igota eta luzatuta, eta eskuineko besoa ez zen berreskuratu. Toraxa osatu gabe zegoen, baina gerri pelbikoa eta beheko gorputz-adarrak (luzatuta) zituen; eskuinekoa ezkerrekoaren gainean bermatuta.
Gizonezko heldu gazte baten gorpua zela ondorioztatu zen, 23 urtetik beherakoa.
Postura hildako borrokalaria lurrera erori zeneko posizioa izan liteke. Ezkerreko femurrean diafisiaren perimortem haustura ikus daiteke. Heriotzaren arrazoiarekin lotuta dago. Lotutako elementuen artean, gerriko bat, eskuineko aldean belarri bat, eta ezkerreko aldean kartutxo-zorro oso bat berreskuratu ziren.
Aztarna guztien arabera, pentsatzekoa da hiru borrokalariak gerra-ekitaldi berean hil zirela, 1937ko ekainaren 11n egondako borrokarekin lotuta. Hirurak zeuden defentsa-lerrotik gertu, parapeto batek babestuta. Metraila-zatiak aurkitu zirenez, pentsatzekoa da bertan leherketak egon zirela. Pentsa liteke, era berean, inguruko auzokideek jaso zituztela gorpuak eta sakonune hartan metatu.
2022an Patxi Jaca Bikandi identifikatu zuten Gogora Institutuaren DNA Bankuaren bidez. Hildakoaren familiak, haren gorpuzkiak non aurki zitezkeen arrastorik ez zuenez, DNA lagin bat eman zuen, Memoriaren Institutuak 2017an egindako deiari erantzunez, Gerra Zibilean desagertutako senide bat izaten jarraitzen zuten familia guztiei. Laginen lehen erkatze batek ez zuen emaitzarik eman ez bazuen ere, gaian izandako aurrerapen teknologikoei esker, erkatze berri bat positiboa izan zen eta identifikazio genetikoa egin ahal izan zen.
Beste bi gizabanakoei dagokienez, oraingoz, ez dago 2019ko azaroaren 24an berreskuratutako borrokalariak identifikatzera bideratu dezakeen elementurik.
Patxi Jaca Bikandiren familiak Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatutako ekitaldi batean jaso zituen haren gorpuzkiak, 2023ko otsailaren 11n, Bilbon. Bere gorpuzkiak Etxanoko hilerrian daude. Ekitaldiaren bideoa: Gamiz-Fika eta Begoñako identifikatuak familiei ematea
Bigarren pertsonaren gorpuzkiak Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia laborategian daude eta hirugarren gudulariaren gorpuzkiak Gamiz-Fikako hilerrian ehortzita daude, 2022ko ekainaren 12an, Udalari eman ostean. Ekitaldi honen buru izan zen Iñigo Urkullu lehendakaria.