Etxaguen hobia (Zigoitia, Araba)

KOKAPENA Etxaguen (Zigoitia, Araba)
BIKTIMAK 12
IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMA-KOPURUA 3
DATA 2013ko apirilaren 2tik 5era

Eugenio Erostarbe Fernández de Mendiola (1910 Retana, Araba – 1936 Zigoitia, Araba) sei anaia-arrebetatik zaharrena zen, trenbideko makinista gisa lan egin zuen, izan ere, familia osoak Vasco-Navarro trenbidearen linean lan egiten zuen, eta trenbideko geltokietan bizi ziren, tarteka bizitokia aldatuz. Altxamendu militarraren unean, familia Legution bizi zen, eta bi anaiak, Eugenio eta Zirilo, UGTko kideak, altxamendu militarraren aurka borrokatzeko mobilizatu ziren. Eugenio Meabe-4 "Unión de Hermanos Proletarios" izeneko 5. batailoian aritu zen eta 1936ko abenduaren 13an hil zen, Zigoitian. Bere anaia Zirilo Dragones batailoian aritu zen borrokan; eta Intxorta inguruan (Elgeta) hil zela ezagutzen bada ere, ezin izan dira bere gorpuzkiak berreskuratu.

Pedro Echegaray Goyenechea (1909 Gamiz-Fika, Bizkaia – 1936 Zigoitia, Araba) Basauriko (Bizkaia) bizilaguna zen, eta Felipa Larrabide Gorostiagarekin ezkonduta zegoen. Lanbidez, UGTko kide izan zen. Meabe-4 "Unión de Hermanos Proletarios" izeneko 5. batailoian izena eman zuen eta 1936ko abenduaren 13an hil zen Elosuko frontean (Araba).

Andrés Méndez Oroquieta (1913 Sestao, Bizkaia – 1936 Zigoitia, Araba) Sestaoko bizilaguna izan zen, Gerra Zibilean 5 Meabe-4 "Unión de Hermanos Proletarios" Batailoiko kide izan zen eta 1936ko abenduaren 13an hil zen Elosuko frontean (Araba).

Etxagueneko kontzejuko abadea, Felix Placer jauna, udalerriko bizilagun batek, Ramón Ochoak, emandako informaziotik abiatuta, Aranzadi Zientzia elkartearekin harremanetan jarri zen. Informazio honen arabera, herrian frontean hildako soldaduak gordetzen zuen hobi bat omen zegoen, eta hau ikertzeko eskatu zuen.

Legutioko guduan, 1936ko azaroaren 30etik abenduaren 24ra bitartean, hildako ugari izan ziren Nafarraten, Elosun, Zestafen, Acosta/Okoiztan eta Muruan, besteak beste.

Egun haietan, frankistek miliziano konpainia bat Okoiztako baserri batean egonkortuta zegoela jakin zuten, eta morteroz eraso zuten milizianoen posizioa, 14 miliziano hil eta 6 zauritu zituztelarik. Gertaera horri buruzko ikerketa-prozesuan, zenbait bizilagunen lekukotzak jaso ziren. Hauen arabera, 1936ko abenduan, Okoiztatik hainbat gorpu eraman zituzten gurdi batean, Etxagueneko Gorostizako San Pedro ermitaren atzealdera, eta han, zanga batean lurperatu zituzten.

Bizilagunek esandakoari eta beste dokumentu batzuei esker, baieztatua zirudien 1936ko abenduaren 13an, 14 miliziano hil zituztela Okoiztako baserri bateko sukaldean zeudela, bonba frankista batek jota (tximiniatik sartu zen). “Union de Hermanos Proletarios” batailoiaren 4. konpainiako milizianoak ziren, eta gorpuak idi gurdi batean eraman zituzten Gorostizako San Pedro ermitaren atzealdera, Etxaguenen (Zigoitia, Araba).

Adierazitako lekuan hobia bilatzeko prospekzioa 2013ko martxoaren 21ean eta 22an egin zen. Hobia Iturriek adierazitako lekuan zegoen, ermitaren ipar-ekialdeko angelutik 4 metrora.

Hobia bide zaharraren perpendikularrean zegoen, harengandik oso hurbil. A3608 errepidea handitzean (zabalera eta altuera handitu ziren), hobiaren zati bat estali egin zen, jatorrian lehenagoko arekan zegoena. Horrenbestez, egungo errepidearen ezpondak haren zati bat estaltzen du. Horren ondorioz, ezin izan da hobia guztiz hustu. Izan ere, ertz bat ezpondaren eta egungo errepidearen azpian geratu zen.

Agerian utzitako hobiak 2,5 metro luze eta 1,80 metro zabal ditu. Gorpuek bertan duten zeharkako posiziora egokituta dago hobia.

Hamar pertsona zeuden ahoz behera etzanda, txandaka. Nahita egin zela uste da, izan ere, hilotzak ez ziren kanposantura eraman, nahiz eta gertu egon, 300 metrora; horren ordez, hobia zabaldu eta gorpuak bertan buruz behera jartzea erabaki zen. 11. gizabanakoa ere buruz behera zegoen, perpendikularrean. Ezin da 12. gizabanakoaren kokapena zehaztu.

Ateratako 12 gorpuzkinetatik, bederatzi daude ondo ordezkatuta. Gainerako hiruretatik hondar gutxi batzuk baino ezin izan dira berreskuratu. Guztiak dira gizonezkoak, 18 eta 30 urte bitartekoak, bat izan ezik: 40 urtetik gora izango lituzke azken horrek.

Horietako bostek, gutxienez, lesioak dituzte garezurrean. Hezur-hutsune txikiak dira, kanpotik barrura energia handiz zetozen objektu batzuen inpaktuak sortuak. Objektu horiek leherketa batek sortutako metraila-zatiak izan daitezke. Gainera, pertsonetatik bik jaurtigai baten edo atal zirkularra duen antzeko objektu baten sarrera-zuloak zituzten.

Lekukoek eta auzokideek kontatutako hainbat bertsioren arabera, 1936ko abenduan hainbat hilotz lekualdatu ziren gurdi batean Gorostizako San Pedro ermitaren atzeko aldera, Etxaguenen. Bertan, hilotzak irauli eta ezpondan ehortzi ziren, ermitaren atzean dagoen lursailera sartzeko maldan.

Lekukoek dioten lekuan dagoen hobian gutxienez hamabi gizonezko daudenez ehortzita eta pertsona horiek gazteak direnez, pentsatzekoa da 1937ko abenduaren 13an Union de Hermanos Proletarios batailoiko 14 milizianoen heriotzari buruzko kontakizun historikoarekin bat datozela. Heriotza hori, zehazki, milizianoak zeuden baserrian egondako mortero-leherketa batek eragin zuen.

Gizabanakoen antolamendua ahoz behera. Bananduta dago 1. banakakoa.

Hondarrak deshobiratu arren, ezin izan ziren hondar guztiak berreskuratu, hobia partzialki estalita geratu baitzen, duela gutxi errepidea handitu eta berritzeko egindako lanetan.

Hildako milizianoen senide izan daitezkeenak bilatzea eginkizun zaila izaten ari da. Baina, zailtasunak zailtasun, hiru pertsona identifikatu eta izenez ezagutzea lortu da.

Ondorioz, 1. gizabanakoa Eugenio Erostarbe Fernández de Mendiola litzateke.

4. gizabanakoa Pedro Echegaray Goyenechea, 27 urterekin hila.

Eta 9. gizabanakoa Andrés Méndez Oroquieta litzateke.

Berreskuratu ezin izan den eskeletoetako bat, ziur aski, Juan Ocerinjauregui Iturriagarena da. Hura ere hil zen leherketa hartan. Bere anai Nicasiok honako hau kontatu zuen: "Juan Legutianoko frontean erail zuten, 15-16 gudarirekin batera, baserri baten sukaldean zeudela mortero bat jaurti zutenean tximiniatik (1936ko abenduaren 13a, Santa Luzia). Bezperan, Bilbon egon ziren, baimenarekin, eta bertan bildutakoarekin bazkari bat egitekotan ziren. Egurra falta zitzaienez, gazteenak bidali zituzten egurretan. Horien artean zegoen Aramburu izeneko bat (1916an jaioa). Nicasio berarekin egon zen diziplina-batailoi batean. Bi gazteak korridorean zeudenean, morteroak eztanda egin zuen. Bizirik irten ziren bakarrak izan ziren.”

Eugenio Erostarbe Fernández de Mendiola, Pedro Echegaray Goyenechea, Andrés Méndez Oroquieta eta identifikatu gabeko gainerako pertsonen gorpuzkiak Etxaguengo hilerrian lurperatu zituzten, 2014ko urriaren 3an.