Galdames hobia (Galdames, Bizkaia)
KOKAPENA | Sallortun auzoa, Galdames, (Bizkaia) |
BIKTIMAK | 1 |
DATA | 2013ko urriaren 25a |
Altxatutako armadak Bilbo hartu ostean, 1937ko ekainaren 19an, Euzkadiko Gudarostearen indarrek, Asturiasko eta Kantabriako hainbat brigadarekin batera, mendebalderantz jo zuten, Santander noranzkoan. Armada kolpistaren presioaren ondorioz, eta aireko estaldura sendoa tartean, egun gutxitan Bizkaiko lurraldea frankisten esku geratu zen. Barbadún ibaia, Galdames eta Muskiztik pasatzean, fronte-lerro bilakatu zen 1937ko ekaineko azken egunetan. Tropa frankistek, aireko babesarekin, lerro hori hautsi zuten. Mendebalderantz igo ziren Montellano auzotik (Galdames), eta Asturiasko miliziano-talde bat hartu zuten La Beriguera errekastotik hurbil. Bertan lurperatu zituzten, bi hobi komunetan, 13 miliziano inguru. Ez dakigu horiek borroken ondorioz hil ziren, edo hartu ondoren fusilatu zituzten. Lekua Sallortun-El Avellanal auzotik hurbil dago (Galdames), udalerri hori Muskizekin lotzen zuen bide zaharraren ondoan.
Hobia malda handiko baso-lursail batean kokatzen zen, haran txikiaren sakonetik hurbil, 30 zentimetroko sakoneran. Humus ugari zuen lursail buztintsu batean landaretzaz bete-beteta zegoen lekua.
Gorpua ahoz gorako etzanera zegoen, burua eskuinerantz eta hankak bereizita. Ezkerreko besoak prospekzioan egindako zundaketen eragina jasan zuen, partzialki. Beso hori gorpuaren paraleloan zegoen. Hondarren kontserbazio-egoera eskasa zen, hezurraren disgregazio-prozesu tafonomikoaren ondorioz. Izan ere, lursaila azidoa da, eta euriaren urak eta errepide aldeko isurketak eragina izan zuten.
Gizonezko heldu gazte baten gorpua dirudi, 30 urte ingurukoa. Patologiaren ikuspegitik, ezkerreko humeroan zati anitzeko haustura diafisarioa da nabarmenena, bertan metraila baten zati metaliko bat aurkitu baitzen. Era berean, heriotzarekin lotutako hausturak zituen eskuineko bederatzigarren eta hamargarren saihetsetan. Ondorioz, pentsatzekoa da trauma eta zauriak jasan zituela aireko bonba edo mortero baten leherketaren kariz, eta, beraz, horiek borrokalari horren heriotza eragin zutela.
Lotutako objektuen artean katilu metaliko bat berreskuratu zen, zulo bat zuena, seguru asko su-arma baten edo metraila baten jaurtigaiak egindakoa.
Gorputz-hondarren kokapena. Galdames (Bizkaia).
2016an, Euskal Prospekzio Taldeak prospekzio bat egin zuen, hautemate elektromagnetikoko ekipamenduen bidez, Montellano auzotik gertu beste lurperatze baten kokapena aurkitzeko. Auzokide batek azaldu zien Asturiasko sanitario militar baten gorpua ehortzi zela baso-bidetik paralelo zihoan lubakian, bonbardaketa baten ondorioz hil zenean. Beraz, auzokidearen informazioari jarraikiz ailegatu ziren kokapenera. Apirilaren 26an egindako prospekzioetan ez zuten arrakastarik izan, eta ezin izan zuten lurperatzea aurkitu. Hala ere, Lebel munizioa eta espoletak berreskuratu ahal izan zituzten inguruan.
Ez dago identifikazio-orientazioa ahalbidetzen duen daturik.
Gorpuzkiak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi ziren 2017ko urtarrilaren 30ean, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, Gogorak, antolatutako ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela.