Iragorri hobia (Oiartzun, Gipuzkoa)
KOKAPENA | Iragorri, Oiartzun (Gipuzkoa) |
BIKTIMAK | 5 |
DATA | 2007ko abuztuaren 28a eta 29a |
Jakinekoa zen Iragorri izenez ezagutzen den lekuan, Artikutza parkera igotzeko errepidearen ondoan (4. km), Oiartzun udalerrian, hainbat pertsona lurperatu zirela, 1936ko urrian eta azaroan erail ondoren. Kokapen hori errepideko bihurgune oso handi baten barruko angeluan zegoen, haritz eta akazia landaretza ugari dagoen inguru batean.
Iragorriko kokapena, Jesús Eloseguik 1942an ateratako argazkian. Errepidearen eskuineko aldean dagoen goraune txiki batean hesituta dago (Aranzadi Zientzia Elkartearen artxiboko irudia).
Jesús Eloseguiren (Aranzadi Zientzia Elkartearen sortzailea) dokumentazio-funtsean leku haren hainbat argazki daude, 1942an eginak, "Oyarzun ilerria” izenburupean. Hala, jakina zen kokapen horretan hobi bat edo hainbat zeudela.
1960an argitaratutako informazioa, gorpuzkiak hobitik ateratzeko egindako eragiketari buruz.
1960an, leku hartan gorpuzkiak hobitik ateratzeko eragiketa bat egin zen. Izan ere, fusilatu eta lurperatu zen pertsonetako bat Eskoriatzako Marin auzoko abadea izan zitekeela uste zen, Jorge Iturricastillo. Azken hori, izan ere, Donostiako Ondarreta kartzelara atxilotu eta bertatik atera zuten, beste preso batzuekin batera, eta 1936ko azaroaren 7an erail zuten. Eusko Deya egunkariaren 3264 zenbakiko lehen orrian, hondarrak hobitik ateratzeko egindako lanak jasotzen dira. Horren arabera, lan horiek gelditu egin ziren, apaizaren sotana, betaurrekoak eta luma estilografikoa aurkitu zituztenean. Baina, dioenez, emakume baten oinetakoak ere aurkitu zituzten. José de Artechek 1977an argitaratutako testuan ere ("Un vasco en la postguerra. Diario Vasco 1939-1971”) antzera deskribatzen da pasartea.
Oiartzungo "Kattin-txiki" Elkartea (zeinak leku horri emandako izenagatik baitu deitura hori), ezkutuko lurperatzeak bilatu eta aurkitzeko lanak sustatu zituen. 2007ko otsailean, georradar bidezko prospekzioa egin zen inguruan, baina ez zen emaitzarik jaso. Kattin-txiki taldearen nekaezintasunari esker, hala ere, bi hobiren kokapena aurkitu ahal izan zen, 2007an.
2007ko abuztuaren 28 eta 29 artean, gorpuzkiak hobitik atera ziren. Lursaila oso aldatuta zegoen, baina 2 metro luzeko eta metro zabal bateko hobi laukizuzen bat bereizi ahal izan zen, hobiaren barruko lur ilunak ingurukoarekin egiten zuen kontraste garbiaren zioz.
Nahiz eta hezur-hondarrak narriatuta eta lekualdatuta egon, gorpuen kokapenaren gaineko gutxi gorabeherako interpretazioa egin ahal izan zen. Hondarren egoera eskasak, hala ere, azterketa antropologikoa mugatu zuen. Goiko eta beheko gorputz-adarretako hezur luzeen diafisiak, hiru koxal eta hainbat garezur-zati berreskuratu ziren. Halaber, hortz-protesien hiru talde aurkitu ziren, urrezko hortz-tratamenduak zituztenak. Gutxienez bost pertsonarenak izango zirela kalkulatu zen. Horietatik gutxienez hiru gizonezkoak ziren.
Aurkitutako objektuen artean, aipatzekoak dira larruzko zapata-pare bat, takoidun zapaten zola-pare bat, eta bota batzuk. Horiez gain, bi txapela beltz berreskuratu ziren, oso narriatuta; bi mahuka-biki laukizuzen; aluminiozko domina arrauzkara bat, Mirarien Ama Birjinarena; 5 zentimoko hiru txanpon, 1879koak, Alfontso II.arenak; kremailera bat; eta bi gerriko-bi belarri. Era berean, galtzerdiak edo galtzetak eusteko krokadura metaliko bat aurkitu zen.
Halaber, lau munizio-zorro (Mauser), kartutxo bat, berunezko bi jaurtigai deformatu, eta aurrekargako arma baten berunezko jaurtigai esferiko bat aurkitu ziren.
Hobia, indusketa-fasean.
Goian, hondarren eta horiei lotutako objektuen kokapena: 1 Krokadura. 2 Mahuka-bikiak. 3 Txapela. 4 Txanponak. 5 Belarria. 6 Kremailerako krokadura. 7 Belarria. 8 Txapela. 9 Oinetakoa. Behean, gorpuzkiek hobiaren barruan zuten banaketaren interpretazioa.
Oraingoz, ezin izan dira hobi horretan aurkitutako gorpuzkiak identifikatu.
Luis Peña Ganchegui arkitektoak 1977an Oiartzungo kanposantuan Gerra Zibileko biktimen omenez eraiki zuen kriptan gorde ziren hondarrak. Hara lekualdatu ziren, era berean, Iragorritik zetozen hondarrak, 1960an desobiratu zirenak.