Izartza hobia (Lemoa, Bizkaia)
KOKAPENA | Izartza, Lemoa (Bizkaia) |
BIKTIMAK | 1 |
DATA | 2018ko martxoaren 24a |
Lemoako bizilaguna den Felipe Etxebarrietak emandako lekukotza eta informazioari esker jakin zen Asturiasko miliziano bat zegoela lurperatuta Elorriaga auzoan, Izartzan. Euskal Prospekzio Taldeko kideak Feliperekin batera joan ziren kokapen zehatza ezagutzera. Txekoslovakiako munizio-kartutxoak aurkitu zituzten, 1935ean egindakoak, giza hondarrekin batera.
Aramotzeko mendilerroaren muturrean dago Izartza. Inguru honetan, borrokak 1937ko maiatzaren amaieraren eta ekaineko lehen egunen artean garatu ziren, baina Izartza inguruan, zehazki, liskarrak maiatzaren 22tik 24ra bitartean izan ziren. Nafarroako 2. eta 4. brigadek esku hartu zuten, eta horiek eragin zuten, hain zuzen ere, Sukarrieta batailoiak Igorrerantz atzera egitea eta Gatzaren Matxinadak Lemoarantz jotzea. Maiatzaren 23an, 3. dibisioak (10. eta 7. brigadek osatuak) eta Asturiasko hainbat brigadek defentsa-lerro bat ezarri zuten Arratia ibaiaren ezkerraldean. Azken horien gerra-parteen arabera, oso modu desordenatuan erretiratu ziren, eta, ondorioz, 208 batailoiko hainbat borrokalari atxilotu zituzten, eta gorpu batzuk jaso barik geratu ziren.
Hobia Izartzan zegoen, Aramotz mendiaren ipar-ekialdeko hegalean, mendiko pista baten hasieraren eta erreka baten artean.
Eragiketa hartara, hainbat agintari hurreratu ziren, Gerra Zibilean hil ziren pertsona guztiei omenaldia egitera. Honako hauek bertaratu ziren: Josu Erkoreka, Justiziako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea; Julen Arzuaga eta Jon Hernández legebiltzarkideak; Saioa Elejabarrieta, Lemoako alkatea, eta Aintzane Ezenarro, Gogora Institutuko zuzendaria. Era berean, bertan egon zen Rafael Yuste, Ameriketako Estatu Batuetakoa, "Brain Mapping” proiektuaren sustatzaile eta ikertzailea.
Kontserbatutako hezur-hondarrak oso urriak ziren. Bi femurrak eta hainbat ezpal baino ezin izan ziren berreskuratu. Beren kokapenagatik, pentsatzekoa da gutxienez beheko gorputz-adarrak ahoz gorako etzanera egon zirela, eta ezkerreko hanka eskuinekoaren gainetik gurutzatuta.
Horiekin batera, larruzko zorro bat berreskuratu zen, guztira 16 txanpon zituena. Horietatik 6 ziren 10 zentimokoak ziren, 1870eko Behin-behineko Gobernuarenak; hiru txanpon bost zentimokoak, urte berekoak; lau txanpon 10 zentimokoak, Alfontso XII.arenak, eta bi txanpon 10 zentimokoak, Frantziako Errepublikakoak, 1908an eta 1916an eginak. Era berean, bi zorro eta lehen aipatutako kartutxo txekoslovakiarra aurkitu ziren.
Oraingoz, ez dago identifikatzeko elementurik, baina jasotako lekukotzan oinarrituta, jatorri asturiarreko miliziano bat izan daitekeela uste da.
Hezur-hondarrak Antropologiako laborategian daude, Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan gordetzeko zain.