Kurtzetxiki leizea (Arrasate, Gipuzkoa)
KOKAPENA | Kurtxetxikiko leizea (Arrasate, Gipuzkoa) |
BIKTIMAK | 2 |
DATA | 2002ko urriaren 6a |
70eko hamarkadan, Besaide espeleologia-taldeak garezur bat berreskuratu zuen Kurtzetxikiko leizearen sakonean, Bedoña auzoan, Arrasate udalerrian (Gipuzkoa). Une hartan, hilobi bateko lurperatzearekin lotutako historiaurreko giza hezurren hondarrak izan zitezkeela interpretatu zen. Hala ere, 1988an, beste ikuskapen espeleologiko batean, beste garezur bat aurkitu zen, bai eta larruzko botak eta tatxetak ere, ez oso aspaldikoak.
Hala, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako hitzarmenaren esparruan, eta Arrasateko Udalaren partaidetzarekin, gorpuzkiak bertatik atera ziren, 2002ko urrian. Leizea 6 metroko malda bertikal bat da. Higakinek 20 metro inguruko aldats handia osatzen dute bertan, leizearen sakoneraino jaisten dena. Malda horren beheko eta erdiko aldean zeuden giza hezurren hondarrak.
Bi miliziano ziren, 1936ko irailean Camilo Alonso Vega infanteriako teniente koronelak agintzen zuen zutabeko soldaduek Arrasate hartu aurreko borroketan zehar hildakoak. Gasteiztik zetorren zutabe hori Flandes erregimentukoa (5. zenbakia) zen, eta Gasteizen bertan zuen egoitza. Eraso-sekzioa Galbancho komandantearen agindupean zegoen (haren parte ziren 3 infanteria-konpainia, metrailadore-sekzio bat, makinen sekzio bat, Erasoko Guardien konpainia, eta transmisio-taldea). Sekzioa Lenitz haranetik sartu zen, eta ondoz ondo Arlaban, Aitzorrotz eta Goronaeta mendate eta mendiak hartu ondoren, irailaren 25ean iritsi zen Arrasate inguruetara, hots, Bedoña eta Urkimendigainera1 .
Bedoñako Garaikoa baserrian bizi zen Miguel Bolinaga, eta 1936an 15 urte zituen. Bere etxetik hurbil jazo ziren borrokak gogoratzen zituen:
"Gure etxera iritsi ziren –zioen Miguelek–, jakin barik tropa frankistak ordurako Bedoñan kokatuta zeudela. Gaztelaniaz hitz egiten zutenez, nire amonak, gaztelaniaz oso ondo hitz egiten zuenak, berehala jakinarazi zien arriskuan zeudela. Basotik ezkutuan irten eta Arrasateraino joan zitezela gomendatu zien». Miguel Bolinagaren amonak ohartarazi zien, era berean, metrailadoreen bi gune zeudela: bat elizaren kanpandorrean eta bestea Solagaisto baserrian. 66 urte hauetan Miguel Bolingak ez du ahaztu bi milizianoek bere etxetik irten baino lehen izan zuten eztabaida: «batek behin eta berriz adierazten zuen basotik joan behar zutela, eta besteak lelokeriak utzi eta bidetik joateko erantzuten zuen "2.
Bidetik joatea erabaki zuten, eta eraso egin zieten. Baserritarrek jaso zituzten hilotzak idi-gurdi batean, eta leizera bota zituzten, mendian hiltzen ziren animaliekin egin ohi zuten bezala. Horren lekuko, leizean behi, ardi, zaldi eta ahuntzen hezur-hondar ugari ere berreskuratu dira.
1 Pedro Barrusok “Verano y revolución. La Guerra Civil en Gipuzkoa” liburuan (Haranburu Editor, 1996) honako hau dio (euskaratuta): “Errepublikazaleen esku zegoen azken posizioa, Arrasateko defentsa ixten zuena, Kurtzetxiki mendia zen, zutabeko (Galbanchorena) artilleriak eta metrailadoreek Coregain (sic) eta Bedoñatik garaitu zutena. Bi konpainiek (infanteria) egindako erasoan hartu zen mendia. Ondoren, inguruan zeuden tropek Arrasatera jo zuten, eta, hala, 1936ko irailaren 26ko arratsaldeko lehen orduan okupatu zuten».
2 Kepa Olidenek 2002-09-29an Diario Vasco egunkarian argitaratutako kronikan jasoa.
Hezur-hondarrak leizearen barruko maldan berreskuratu ziren.
Zuloaren eskema, profilean eta oinplanoan. Kurtzetxiki (Gipuzkoa).
1. gizabanakoa erdi lurperatuta zegoen; etxeko faunaren hezur-hondarrak zituen gainean. Ahoz gorako etzanera zegoen, ezkerreko goiko gorputz-adarra buruaren azpian gurutzatuta, galeriaren gainean, lurrek eta hondakinek partzialki estalita. Gizonezko heldu nagusi baten gorpua dirudi, 40 urtetik gorakoa. Hainbat lesio zituen, su-arma baten jaurtigaiek eragin zitzaketenak, eta, ondorioz, beren heriotza eragin zutenak. Lehenik eta behin, nabarmentzekoa da eskuineko hezur parietalaren atzeko aldean dagoen zulo borobildua (27 mm-ko diametro handia bider 9 mm-ko diametro txikia), kono-enbor formakoa, hezur gehiago zuena galduta barruko taulan, garezurraren zuloan zeiharrean sartuko zen jaurtigai baten inpaktu tangentzialaren ondorioz. Bizkarreko 9. ornoak zulo bat dauka, hezurra duena galduta eskuineko pedikuluaren inguruan eta alde bereko zeharkako apofisian, 7-8 mm-ko diametrokoa. Su-arma baten jaurtigaiak egin ahal izan zuen zuloa, aurretik atzera eta eskuinetik ezkerrera zihoala. Orno hori luzetara urratuta zegoen, zeharkako apofisian.
Bizkarreko ornoa, su-arma baten jaurtigaiak eragindako zuloaren ziozko lesioa duena. Kurtzetxiki (Gipuzkoa).
Hau da, su-armaren hiru inpaktuek aurretik eta eskuinetik harrapatu zuten pertsona hori, apur bat beherantz egiten zuten norabidean.
Su-armaren jaurtigaiaren inpaktu tangentzialaren ondoriozko zuloa (1. gizabanakoa). Su-armaren hiru inpakturen ibilbideen interpretazioa. Kurtzetxiki (Gipuzkoa).
2. gizabanakoa: galeriaren beheko partean eta maldan sakabanatuta zegoen. Helduarora iristear den gizonezko baten gorpua dirudi, 20 urtetik beherakoa. Ezkerreko larruzko bota baten hondarrak (tatxetezko zola eta guzti) lotu ziren gorpu horrekin, garai hartako bereizgarriak. Ezin izan zen heriotzaren arrazoia interpretatu, zati asko falta baitziren eta kontserbatzen ziren hondar urrietan ez baitzen lesiorik antzematen.
2. gizabanakoaren ezkerreko bota, tatxet eta guzti. Kurtzetxiki (Gipuzkoa).
Ez dago datu edo zehaztasunik pertsona horien nortasuna orientatu ahal izateko.
Gorpuzkiak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi ziren, 2017ko urtarrilaren 30ean, Gogorak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatuko ekitaldian, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru zela.