La Tejera hobia (Erriberagoitia, Araba)
KOKAPENA | La Tejera, Erriberagoitia (Araba) |
BIKTIMAK | 3 |
IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMA-KOPURUA | 3 |
DATA | 2010eko ekainaren 19a eta 20a |
Primitivo Fernández de Labastida (1901 Santa Gadea del Cid, Burgos- 1936 Erriberagoitia, Araba) Santa Gadea del Ciden (Burgos) bizi zen. Nekazaria zen eta 35 urte zituen hil zutenean.
Mónica Barrón del Val (1890 Villanueva de Soportillo, Burgos – 1936 Erriberagoitia, Araba) eta Florentino García Valencia (1889 Villanueva de Soportillo, Burgos – 1936 Erriberagoitia, Araba) senar-emazteak, Villanueva de Soportillo-ko bizilagunak, Primitivo Fernándezekin batera atxilotu zituzten, Tejera gainera eraman, bertan hil eta geroago bizilagunek hobi batean lurperatu zituzten.
Gerora, inguruko bizilagun batek kontatutakoari esker aurkitu ahal izan zuten hobia, eta 2010eko ekainean berreskuratu zituzten haien gorpuzkiak.
Inguruko bizilagunen testigantzari esker aurkitu ahal izan zuten hobia, eta 2010eko ekainean berreskuratu zituzten gorpuzkiak.
Lortutako informaziotik abiatuta, dokumentatu ahal izan zen 1936ko irailaren 3an zenbait erreketek Primitivo Fernández de Labastida eta Florentino García Valencia eta Mónica Barrón del Val Villanueva de Soportilloko (Burgos) senar-emazteak atxilotu zituztela Santa Gadean (Burgos). Tejerako mendatera eraman zituzten, eta bertan hil zituzten. Gorpuak bertan abandonatuta geratu ziren, eta inguruko herrietako zenbait bizilagunek leku berean lurperatu zituzten, bat-bateko hobi estu batean.
Gorpuzkiak 2010eko ekainaren 19an eta 20an atera ziren hobitik. Aranzadiko teknikariek ez ezik, "Ahaztuak 1936-1977" taldeko kideek ere parte hartu zuten eragiketa hartan. Primitivo Fernández de Labastidaren senideak bertan egon ziren prozesuan zehar. Han egon ziren, era berean, Inés Ibáñez de Maeztu andrea, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria, eta Javier Fernández Bordegarai jauna, Arabako Foru Aldundiko Ondare Zerbitzukoa.
Hobia oso txikia zen: 2 metro luze bider 40 zentimetro zabal. Gorpuzkien posizioa hobiaren formara egokituta zegoen. Horrenbestez, lehen gorpua (3. gizabanakoa) hobiaren sakonean guztiz bermatuta geratu zen, gorpua albo batera; baina beste biak hobiaren ertzetara egokitu ziren, eta, beraz, zutik geratu ziren, 53 zentimetroko aldearekin kotan. 2. gizabanakoa ahoz gorako etzanera jarri zen, eta 1. gizabanakoa, bestalde, ahoz beherako etzanera.
1. gizabanakoa emakume heldu nagusia zen, eta bere objektuen artean zeluloidezko apain-orrazi bat aurkitu zen, karei imitazioa, buruaren goiko aldean. Arropetan, kisket batzuk aurkitu ziren mahuken eskumuturretako itxituran, eta beste kisket bat ezkerreko eskapularen ondoan, jantziaren lepoko itxiturakoa. Zentimo bateko zazpi txanpon eta bost zentimoko bi txanpon aurkitu ziren, guztira, ezkerreko koxalaren ondoan, bata edo jantziko poltsikoaren aldean. Buruan jasotako bi tirok eta eskuineko eskapulan jasotako tiro batek hil zuten.
2. gizabanakoa gizonezko heldu bat zen, 30 urtetik gorakoa. Oinetakoetako kautxuzko zolak, gerrikoko belarria eta praketako heldulekuak berreskuratu ziren. Gorpuak lesioak zituen besaurrean eta eskuineko eskuan, ziur aski defentsarako besoa altxatu eta bertan jaso zuen tiroaren ondorioz. Garezurrean tiro bikoitza jaso izanaren zantzuak ere bazituen.
3. gizabanakoa hobiaren sakonean zegoen, alboz, hankak tolestuta eta altxatuta, hobiaren albo bateko ertzean. Gizonezko heldu baten gorpua da, nagusia. Koxalen ondoan, metxa-txiskero bat eta hainbat txanpon aurkitu ziren. Jantzian, gerrikoaren zati bat eta praketako botoi metaliko batzuk berreskuratu ziren. Kasu honetan ere, lesioak antzeman ziren eskuineko eskuko hezurretan, su-arma baten jaurtigaia pasa zelako bertatik. Biktimak bere burua babesteko besoa altxatu eta buruan tiro bat jaso zuenean jasango zituen lesio horiek. Hezur okzipitalean eta ezkerreko hezur parietalean bi sarrera-zulo antzeman ziren.
Identifikazio-proposamen bat egin zen, azterketa antropologikoan oinarrituta, eta horren arabera ondorioztatu zen 1. gizabanakoa Mónica del Val zela, 2. gizabanakoa Primitivo Fernández de Labastida eta 3. gizabanakoa Florentino García.
Azterketa genetikoak egin ziren BIOMICs laborategian, eta, halaxe berretsi zen 2. pertsona Primitivo Fernández de Labastida zela, eta, beraz, beste bi identifikazioak ere onartutzat jo ziren.
Idoia Mendiak, Barne Saila, Justizia eta Administrazio Publikoko sailburuak, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan ofizialki entregatu zizkien senideei berreskuratutako gorpuzkiak.