Lemoatx Pardomendi hobia (Lemoa, Bizkaia)

KOKAPENA Lemoatx. Pardomendi (Lemoa, Bizkaia)
BIKTIMAK 1
DATA 2011ko ekainaren 11

Lemoatxeko maldetan, 1937ko maiatzeko azken egunetan eta ekaineko lehen egunetan, borroka gogorrak bizi izan ziren. Artilleria eta abiazio frankistaren etengabeko bonbardaketek baja ugari eragin zituzten. Zifra zehatzik egon ez arren, mila bat gudari eta miliziano hil zirela uste da. Mendi hau, Bilbo defendatzen zuen Burdin Hezia hurbil zegoenez, leku estrategiko bihurtu zen matxinatuentzat, baita Euzkadiko Gudarostearentzat ere.

 Matxinatuen aldetik Nafarroa II Brigadak hartu zuen parte gudako pasarte honetan.

Euzkadiko Gudarosteari dagokoinez, Simón Bolibar, Dragones, Rosa Luxemburgo, UGT 13. “Rebelión de la Sal”, Amuategui, eta Asturiasko 225 eta 230 batailoiak osaturiko VI. Brigadak hartu zuten parte. Ekainaren 2an, IV. Brigadak ordezkatu zuen, VI. Brigada, eta honek ere eraso gogorra jasan zuen. Ehunka hegazkinek erasotu zituzten hauen posizioak.

Detektagailuekin egindako prospekzioen bidez, fusileria-munizioa eta uhal militarren hondarrak aurkitu ziren, gizakien hondarrekin batera, oso azalean.

2011ko ekainaren 11n, Lemoatx mendebaldeko hegalean zegoen hobi batetik atera ziren gorpuzkiak. Zentimetro gutxiko sakoneran giza eskeleto bat zegoen mendiaren hegal batean lursail naturaleko harri batzuez inguratuta.

Beraz, gorpua ahoz gorako atzera ehortzi zela interpretatu zen, hankak gurutzatuta, ikus zitezkeen hezur-hondar urriak konexio anatomikoan baitzeuden, nahastuta egon barik.

Objektu pertsonalen artean larruzko gerrikoaren zati bat berreskuratu zen, 35 mm-ko zabalera zuena, belarri barik. Halaber, elementu balistiko ugari aurkitu ziren handik hurbil. Aurretik, uhalak, bi kartutxo-kaxa eta Euzkadiko Armadako gerrikoko plaka bat berreskuratu ziren.

Lekukotzen bilketa in situ. Lemoatx 1 (Bizkaia).

Azaleko ehorzketa.

Ezin izan da pertsona identifikatu.

Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan lurperatu zituzten gorpuzkiak, 2017ko urtarrilaren 30ean, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatutako ekitaldi instituzionalean, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru zela.