Lemoatx III. 2017 hobia (Lemoa, Bizkaia)

KOKAPENA Lemoatx, Lemoa (Bizkaia)
BIKTIMAK 1
DATA 2017ko ekainaren 4a

Lemoatxeko maldetan, 1937ko maiatzeko azken egunetan eta ekaineko lehen egunetan, borroka gogorrak bizi izan ziren. Artilleria eta abiazio frankistaren etengabeko bonbardaketek baja ugari eragin zituzten. Zifra zehatzik egon ez arren, mila bat gudari eta miliziano hil zirela uste da. Mendi hau, Bilbo defendatzen zuen Burdin Hezia hurbil zegoenez, leku estrategiko bihurtu zen matxinatuentzat, baita Euzkadiko Gudarostearentzat ere.

Lemoatx mendiaren hegoaldeko hegalean prospekzio-lanetan ari zirela, Euskal Prospekzio Taldeko kideek 40 cm-ko sakoneran aurkitu zituzten gorpuzkiak, hareharriz estalita, lubaki batetik gertu.

Gorpua 2017ko ekainaren 4an atera zuten hobitik. Eskeletoa ahoz gora etzanda zegoen, beheko gorputz-adarrak zabalduta. Bertan izan ziren Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria eta Saioa Elejabarrieta Lemoako alkatea, udalerriko beste agintari batzuekin batera.

Ez dago identifikazioa bideratu dezakeen elementurik.

Gorpuzkiak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi ziren, 2018ko otsailaren 9an, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatutako ekitaldian.