Matazal hobia (Zaldibia, Gipuzkoa)

KOKAPENA Matazal. Zaldibia (Gipuzkoa)
BIKTIMAK 2
DATA 2002ko irailaren 9tik 11ra

Matazaleko hobia (Zaldibia) izan zen EAEn Gerra Zibilarekin lotuta eta metodologia zientifikoari jarraikiz desobiratu zen lehen hobia. Martín Ibarguren Tolosa (zaldibiarra) Aranzadi Zientzia Elkartearekin jarri zen harremanetan, bere baserriko lursailetan (Irastorza Goikoa) hobi bat zegoela jakinarazteko. Bere aitak lurperatu zituen hilotzak, 1936ko udan bere jabetzako etxaditik hurbil zegoen bidean aurkitu zituenean.

Ibarguren jaunak adierazitako leku zehatzean aurkitu zen hobia, nahiz eta lehen etxadi bat zena baso bihurtuta zegoen, landaretza ugariz beteta. Gorpuzkiak hobitik ateratzeko lanak 2002ko irailaren 9tik 11ra bitartean garatu ziren, Jesús Tapia eta Francisco Etxeberriaren zuzendaritzapean.

Hiru zanga egin ziren: bat handiagoa eta beste bat txikiagoa, 2,2 metrokoa, hobiaren ingurua mugatzeko. Azken horrek laukizuzen itxura zuen. Bertan, bi pertsona aurkitu ziren ehortzita:

1. gizabanakoa ahoz gorako etzanera zegoen. 20 urte inguru zituela kalkulatu zen. Garezurrean zulo obalatu bat zuen, su-arma baten jaurtigaiaren sarrera-zuloa, ezkerreko parietalean.

2. gizabanakoa ahoz beherako etzanera zegoen. 20 urte inguru zituela kalkulatu zen. Arropan, kremailera-itxitura bat eta bi belarri-zati aurkitu ziren. Ezkerreko parietalean, zulo irregular bat aurkitu zen, kono formakoa, tiro baten jaurtigaiaren irteera-zuloa. Laborategian egindako garbiketa-prozesuan, jaurtigai blindatu bat aurkitu zen (9 mm-koa) garezurraren barruan. Metalezko beste zati bat antzeman zen, halaber, gerri-ornoan.

Hainbat hipotesi planteatu ziren biktima horien nortasunari buruz, baina horietako bat ere ezin izan da berretsi.

Matazaleko hobian (Zaldibia) berreskuratu ziren hondarrak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbariora lekualdatu eta bertan gorde ziren, 2017ko urtarrilean.