Rabanera del Pinar hobia (Picón de Valdeabejas, Burgos)

KOKAPENA Picón de Valdeabejas. Rabanera del Pinar (Burgos)
BIKTIMAK 5
IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMA-KOPURUA 1
DATA 2009ko irailaren 12a eta 13a

Miguel Varga Arnaiz (1872 San Millán de Lara, Burgos- 1936 Rabanera del Pinar, Burgos) Tolosan bizi izan zen (Gipuzkoa), Guardia zibil erretiratua zen, eta UGT sindikatura afiliatua. 1936ko udan, bere jaioterrira itzuli zen, bere lurrez arduratzera. Eskualdeko beste auzokide batzuekin batera atxilotu zuten, eta Salas de los Infantesko kartzelara eraman (Burgos). 1936ko irailaren 27an, kartzelatik atera eta Picón de Valdeabejaseko pinudira eraman zuten, Rabanera del Pinarren (Burgos). Bertan erail eta ehortzi zuten, hobi komun batean, beste lau pertsonarekin batera. 64 urte zituen.

Burgosko Probintzia Espetxeko presoen ateratzeei buruz jasotako dokumentazioaren arabera, Salas de los Infantes eta Hontoria del Pinarren artean dagoen pinudi bateraino eraman ahal izan zen ateratze horietako bat, Rabanera del Pinarren. Ateratze horiek, zehazki, presoak beste leku batera eramateko eta bertan hiltzeko egiten ziren.

Udalerri horretako Pinar de Valdeabejas inguruan, gurutze bat dago grabatuta, zuhaitz baten enborrean, hobia non zegoen adierazteko.

Hobia lursail inklinatu batean zegoen, mendiaren hegalean, pinudi baten barruan eta bide zahar batetik hurbil (gaur egun ez da bide hori erabiltzen). Hobiak 2 metro luze eta metro zabal bat zituen (laukizuzena), eta inguruan lurrak kolorea aldatuta zuen. 90 zentimetroko batez besteko sakoneran zegoen. Hezur-hondarrak karezko geruza baten azpian aurkitu ziren. Izan ere, karea bota zen hilotzen gainean.

Bost gorpu ziren, guztiak gizonezkoenak eta adin desberdinetakoak.

5. gizabanakoa hobiaren lur gainean zegoen, ahoz gorako etzanera, haren albo baterantz apur bat biratuta. Eskuineko besoa abdominalen gainetik tolestuta zuen, eskua zabalik, eta ezkerreko besoa hobiaren erdirantz luzatuta. Eskuineko eskua luzatuta zuen, hobiaren ertzari jarraikiz, eta ezkerreko hanka erdi tolestuta. Lotutako objektuen artean, botoiak eta larruzko gerriko baten zatia berreskuratu ziren, metalezko krokadurak zituena.

Gizon heldu nagusi bat zela ondorioztatu zen, 50 urtetik gorakoa. Bizkarrezurrean endekapenezko gaixotasun baten zantzuak zituen. Heriotzaren arrazoiarekin lotuta, perimortem lesioak zituen eskuineko tibian, eskuineko kubituan eta ezkerreko erradioan, lepoko ornoetan, garezurrean eta ezkerreko masailezur-adarrean.

Jesús Cámara historialariak Salas de los Infanteseko artxiboan egindako ikerketaren arabera, biktima-talde hori herriko kartzelatik ateratako presoena izan zitekeela uste zen. Bestalde, familiak hainbat urte zeramatzan Miguel Varga non zegoen jakin nahian, eta ikerketa historiko bati ekin zion. 2017an Gogorarekin harremanetan jarri ziren, Rabanera del Pinarren hobitik ateratako gorpuzkietako bat Miguel Varga Arnaizena izan zitekeelakoan. Hau egiaztatzeko, DNA lagina hartu zitzaien, eta, gorpuzkiekin alderatzeko. Horrek 5. gizabanakoaren gorpuzkiak Miguel Vargarenak zirela egiaztatzea ahalbidetu zuen. Miguel Varga Gogora Institutuak garatutako DNA bankuari esker identifikatutako Gerra Zibileko lehen biktima izan zen.

Hezur-hondarrak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi ziren 2018ko apirilaren 17an, ekitaldi formal batean. Iñigo Urkullu lehendakariak gidatu zuen ekitaldian. Bertan, hainbat agintari egon ziren, besteak beste: Jonan Fernández, Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza, Giza Eskubide eta Lankidetzako idazkaria; Mónica Hernando, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria; Ana Beitia, Elgoibarko alkatea; Aintzane Ezenarro, Gogora Institutuko zuzendaria, bai eta Gaztela eta Leongo burutzako idazkari nagusiko burua ere, José Manuel Herrero. Horiek guztiek lagundu zieten senideei, hondarrak entregatzeko ekitaldian.