San Roke Artxanda mendia hobia (Bilbo, Bizkaia)

KOKAPENA San Roke. Artxanda mendia, Bilbo (Bizkaia)
BIKTIMAK 1
DATA 2016ko irailaren 10a

Tropa frankistak Bilbon sartu aurreko egunetan (1937ko ekainaren 19an sartu ziren), Abril eta Ganguren mendien artean zabaltzen den mendilerroan borroka ugari egon ziren. Etengabeko bonbardaketek eta borrokek ehun hildako baino gehiago utzi zituzten, eta hilotzetako asko lurperatuta geratu ziren, inprobisatutako hobietan. Horietako batzuk inguruko baserrien jabeek ehortzi zituzten, jasotako lekukotzen arabera.

Artxanda mendiaren iparraldeko hegalean zuhaitzak moztu eta basoa berritzeko lanetan, San Roke baselizatik hurbil, gizakien hainbat hezur-hondar agertu ziren, zuhaitz baten ipurdiaren azpian. Gogora Institutuari eta Aranzadi Zientzia Elkarteari eman zitzaien horren berri, gorpuzkiak ateratzeko.

Esku-hartzea 2016ko irailaren 10ean egin zedila adostu zen. Egun hartan, bertan izan ziren, besteak beste, Bilboko alkatea, Juan María Aburto; EAEko fiskal nagusia, Juan Calparsoro; Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Mónica Hernando; Gogora Institutuko zuzendaria, Aintzane Ezenarro; Sabino Arana Fundazioko burua eta zuzendaria, Juan Mª Atutxa eta Irune Zuloaga; bai eta zinegotziak eta beste ordezkari batzuk ere.

Hezur-hondarrak moztu zen zuhaitz baten enborraren sustraien artean deskubritu ziren. Hezur-hondar gutxi batzuk baino ez ziren geratzen. Izan ere, sustraien hazkundeak eta garapenak hasierako hobia eraldatu zuten, bai eta hura narriatu, degradatu eta are hezurren hondarrak desagerrarazi ere.

Eskuineko humero osoa, besaurreko diafisiaren zatiak, eta eskuineko eskapularen zati bat baino ez ziren berreskuratu, azken hori humeroarekin anatomikoki lotuta.

Haren inguruan, Mauser kartutxoen kargagailu bat, hainbat kartutxo solte, uhalen bi belarri, gerriko-zati bat eta txanpon bat berreskuratu ziren.

Ez dago elementurik edo dokumentazi nahikorik, gorpuaren identifikazio bideratu ahal izateko.

Hezur-hondarrak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan gorde ziren, 2018an.