Txaldatxur mendia 1 hobia (Donostia, Gipuzkoa)

KOKAPENA Txaldatxur mendia, Zubieta Donostia (Gipuzkoa)
BIKTIMAK 1
DATA 2016ko ekainaren 4a

Zubietamendin dagoen muino bat da Txaldatxur, Oria ibaiaren gainean. 1936ko abuztuan eta irailean, borroka handiak izan ziren bertan. Altxatutako armadak aurrera egin zezala saihesteko, miliziek eta boluntarioek lubakiz osatutako defentsa-gune bat eraiki zuten Buruntza, Agerre Buru eta Belkoain inguruan. Lubakien sare hori garbitu eta egokitzeko lanetan aritu dira Lasarte-Oriako memoria historikoaren elkartea (Islada Ezkutuak), eta Aranzadi Zientzia Elkartea, landa-lanen bidez.

Alfredo Irusta Aranzadi Zientzia Elkarteko kolaboratzailea eta ikertzailea da. Hark Txaldatxur mendiaren inguruan egindako ikerketa batean aurkitu ahal izan zituen giza hondarrak, material metalikoaren ondoan. Aurkikuntza horren berri eman zion Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia Sailari, eta hark, era berean, Gogora Institutuari eta udal-agintariei jakinarazi zien.

2016ko ekainaren 4an, hondarrak ateratzeko lanak egin ziren. Bertan egon ziren Eusko Jaurlaritzako agintariak: Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Mónica Hernando; Gipuzkoako Batzar Nagusietako burua, Eider Mendoza; Gipuzkoako Aldundiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendaria, Mª Isabel Vaquero; Donostiako Udaleko zinegotzia, Juanra Viles; eta Gipuzkoako campuseko EHUko errektoreordea, Ana Arrieta.

Aranzadiko teknikariekin batera aritu ziren, era berean, Islada Ezkutuak taldekoak eta EHUko Kriminologiako hainbat ikasle.

Lurperatzea ez zen oso sakona. Fenomeno tafonomikoen ondorioz, eskeletoaren hezurra sakabanatu egin zen, eta bi diafisi baino ez ziren geratzen. Horien ondoan, bakelitazko kargagailu beltz bat eta hortzetako eskuila aurkitu ziren.

Berreskuratutako hondar urrien eta horien baldintzen ondorioz, zaila da material genetikoa eskuratu eta alderatu ahal izatea. Edonola ere, ez dago daturik identifikazio-lanak orientatu ahal izateko.

Gorpuzkiak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi ziren, 2018ko otsailaren 9an, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatutako ekitaldian.