Urduñako hilerria 1 (Urduña, Bizkaia)
KOKAPENA | Urduñako hilerria, Urduña (Bizkaia) |
BIKTIMAK | 14 |
IDENTIFIKATUTAKOAK | 1 |
DATA | 2014ko abuztuaren 30a eta 31a |
Francisco de la Cruz Orellana, jaiotzez Quintana de la Serenakoa (Badajoz), nekazaria, ezkondua, 2 seme-alabaren aita, atxilotu egin zuten, eta Badajozen hainbat espetxetatik igaro ondoren, Urduñako Espetxe Zentralera eraman zuten 1940ko urtarrilaren 31n. Handik urtebetera hil zen, 1941eko apirilaren 17an, 68 urte zituela. Gorpuzkiak 2014an berreskuratu ziren Urduñako hilerritik, eta, Mallabian (Bizkaia) bizi den haren familia, 2022an jarri zen Gogora Institutuarekin harremanetan, hilerrian hezur-hondar berriak berreskuratu zirela jakin zuenean. DNA laginak erkatzeak ahalbidetu du bederatzigarren identifikazio hau.
2023ko abenduaren 20an eman zitzaizkion gorpuzkiak bere familiari.
Armada frankistaren eskutik, Urduñako Jesuiten Ikastetxea (Bizkaia) milaka borrokalari errepublikazaleren kontzentrazio-esparru bilakatu zen, bereziki 1937ko ekainetik aurrera. 1939ko urrian, kontzentrazio-esparru hau espetxe nagusi bihurtu zen, 1941eko udan behin betiko itxi zen arte. Urte hauetan estatuko beste kartzela eta kontzentrazio-esparru batzuetako preso ugari ekarri zituzten Urduñara.
Higiene, elikadura eta osasungarritasuneko baldintzak txarrak ziren espetxean, eta, ondorioz, presoen artean heriotza-tasa altuak egon ziren. 1939an eta 1941ean, berrehun pertsona inguru hil ziren espetxe hartan, eta herriko kanposantuan lurperatu ziren. Hildakoen ehuneko altu bat Extremaduratik zetorren (zehazki, Badajozetik), baita Ciudad Real eta Malagatik ere.
Urduñako Udalak eskatuta, kanposantuko gune batean gorpuzkiak ateratzeko lanak egin ziren, hildako presoen ehorzketarik ba ote zegoen berresteko.
Kontsultatu Urduñako kontzentrazio esparruan eta presondegian 1937-1941 epean hildakoen zerrenda (PDF, 686 KB) eta Urduñako kontzentrazio esparruan eta presondegian 1937-1941 epean hildakoen zerrenda (XLSX, 36 KB)
Sarbidearen eskuineko aldeko korridorean zeuden desobiratutako hobiak, bi nitxo-lerroren artean: bat kanpoko horman eta bestea barruan. Hobiak lerrokatuta zeuden, bi lerro paralelotan, 14,60 metro luzetan. Zazpi hilobi deskubritu ziren lerroetako bakoitzean, eta, beraz, guztira hamalau hobitik atera ziren gorpuzkiak.
Hilobiak banakakoak ziren. Denak zeuden pinu-egurrezko hilkutxatan ehortzita, barrualdean, ahoz gorako etzanera, besoak toraxaren eta abdominaletako zuloaren gainean tolestuta. Beheko gorputz-adarrak paraleloan luzatuta, kasu batean izan ezik (3. pertsona): azken horrek gorputz-adarrak tolestuta zituen, ziur aski zuzen egoteko lekurik ez zegoelako.
Denak ziren gizonezko helduak: hiru heldu gazte, lau heldu nagusi, eta zehaztasun handirik gabeko zazpi heldu.
Lotutako objektuen aniztasuna eta kopurua oso mugatua izan zen. Arropako elementuak ziren, besteak beste, gerrikoen belarriak eta gerrikoak, alkandora edo praketako botoiak eta arkatz-minak. Aparteko aurkikuntzak ere egin ziren: urrezko erantzun bat, aliantza itxurakoa, 12. pertsonaren eskuineko eskuko laugarren atzamarrean; zeramikazko joko baten fitxa, 3. pertsonaren eskuineko koxalaren ondoan; edo desagertu zen dokumentu edo argazki baten plastikozko zorroak, 6. pertsonaren ondoan.
Kontzentrazio-esparruan eta ondorengo espetxean hil ziren pertsonen erregistroa dago, izen-abizenekin identifikatzen dituena. Halabaina, egindako DNA erkatze ezberdinek ez zuten emaitza positiborik izan 2022ra arte. Orduan, Francisco de la Cruz Orellanaren familia Gogora Institutuarekin harremanetan jarri zen, hilerrian hezur-hondar berriak lurpetik atera zituztela jakin ondoren, eta, azkenean, identifikatu ahal izan zuten.
Gorpuzkiak Urduñako Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi dira, banakako kutxetan, 2022ko uztailaren 29an, Gogorak Udalarekin batera antolatutako ekitaldian, Kolunbarioa inauguratu zen egunean.
2023ko abenduaren 20an, Francisco de la Cruz Orellanaren gorpuzkiak Kolunbariotik atera, familiari eman zitzaizkion eta harrezkero, jaioterrian, Quintana de la Serenako hilerrian ehortzita daude.