Urkulu 1 hobia (Larrabetzu, Bizkaia)
KOKAPENA | Urkulu mendia, Larrabetzu (Bizkaia) |
BIKTIMAK | 1 |
DATA | 2016ko urtarrilaren 2a |
Euskal Prospekzio Taldeko Alberto Sampedrok bilaketa- eta prospekzio-lanak egin zituen Urkulu mendiaren hegalean, detektagailuak erabilita, mendian lehentxeago zuhaitzak moztu zituztela eta lurzorua mugituta zegoela aprobetxatuta. Hala deskubritu zituzten hainbat hezur-hondar, munizio-elementuekin batera, mendiaren hegalean.
Hondar urri batzuk aurkitu ziren Urkulu mendiko aldapa handiko inguru batean, hainbat harkaitzen artean. Zuten itxuragatik, hipotesi nagusia zera da: gorpua hegaletik behera erori zela eta harkaitzean geratu zela. Deskonposizioaren eta usteltzearen ondorioz, hilotzaren zatiak bereizita zeuden. Kontserbatu ziren hondarrak maldako laugune txiki batean geratu ziren: gorpuaren goiko herena, garezurra, gerri eskapularra, saihetsak eta goiko gorputz-adarrak. Garezurra albo baterantz zegoen, ezkerreko aldearen eta toraxaren gainean.
Ezkerreko eskuaren ondoan, kargagailua berreskuratu zen, eta ezkerreko besoaren ondoan, uhalak. Handik hurbil, bi munizio-kargagailu eta hainbat kartutxo aurkitu ziren, zirrindola metaliko baten ondoan.
Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Euskal Prospekzio Taldeko kideez gain, Larrabetzuko Karraderan elkarteko kideak ere elkarlanean aritu ziren, gorpuzkiak ateratzeko eta lurra bahetzeko lanetan.
Gorpuzkiak hobitik ateratzerakoan bertan egon ziren: Mónica Hernando, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria; Iñigo Gaztelu, Larrabetzuko alkatea; eta Juan Mª Atutxa eta Irune Zuloaga, Sabino Arana Fundazioko burua eta zuzendaria.
Antropologiaren ikuspegitik, hezur-hondarrak gizonezko heldu gazte batenak ziren, 18 eta 20 urte artekoak. Izan ere, hezur luzeen epifisia, gandor iliakoa eta klabikulak soldatu gabe zeuden.
Ez dago datu edo elementurik, pertsona horien nortasuna orientatu ahal izateko.
Gorpuzkiak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi ziren, 2018ko otsailaren 9an, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatutako ekitaldian.