Urkulu 2 hobia (Larrabetzu, Bizkaia)
KOKAPENA | Urkulu mendia, Larrabetzu (Bizkaia) |
BIKTIMAK | 1 |
IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMA-KOPURUA | 1 |
DATA | 2016ko urtarrilaren 16a |
Ramón Portilla Acedo (1918 Abanto-Zierbena, Bizkaia - 1937 Larrabetzu, Bizkaia) Gerra garaian CNTko 30 Celta Batailoiaren Hirugarren Konpainiari atxikita zegoen. Haren gorpuzkiak 2016ko urtarrilean aurkitu zituzten, eta hiru egun geroago atera zituzten hobitik.
2016ko urtarrilaren 13an, Sergio Mondinak Urkulu mendian (Gamiz-Fika, Morga eta Larrabetzu udalerrien artean) prospekzio bat egin zuen, eta, bertan, hegoaldeko hegalean, giza hondar batzuk aurkitu zituen. Aurkikuntza horren berri eman zien Ertzaintzari eta Aranzadi Zientzia Elkarteari. Erakunde horretako teknikariak ingurua aztertzen ari ziren, eta, beraz, aurkikuntza berretsi ahal izan zuten. Halaber, horren berri eman zioten Ertzaintzako agenteei, Polizia Judizialaren lanak egiten bertaratu baitziren, eta bertan ziren bi auzitegi-medikuei.
Hondarrekin batera, hainbat objektu metaliko aurkitu ziren: txanponak zituen zorro bat, bizarra mozteko makinaren heldulekua, eta identifikazio-txapa bat, zeinak bere zenbakia baitzuen grabatuta (64160).
Hondarrak hobitik atera aurreko egunean, plakaren zenbakiarekin bat zetorren pertsonaren izena jakin ahal izan zen. Ramón Portilla Acedo zen, eta CNTko CELTA batailoiko (30. zenbakia) hirugarren konpainiara atxikita zegoen. Datu horiekin, bere senideekin harremanak ezarri ziren, eta, hala, gorpuzkiak ateratzeko unean bertan egon ahal izan ziren.
Gernikako Instrukzioko 1. Epaitegiarekin eta Ertzain-etxearekin adostu zen bezala, urtarrilaren 16an atera ziren gorpuzkiak hobitik.
Eragiketa hartan parte hartu zuten Larrabetzuko Karraderan Elkarteko kideek, Euskal Prospekzio Taldeko kideek eta Aranzadi Elkarteko Antropologia Saileko kideek, eta bertan egon ziren, era berean, Ramón Portilla borrokalariaren senideak (haren hondarrak baitziren aurkitutakoak).
Hondarrak atera ziren egunean, bertan izan ziren, era berean, arduradun politikoak, besteak beste: Josu Erkoreka, Justiziako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea; Mónica Hernando, Eusko Jaurlaritzako Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendaria; Iñigo Gaztelu, Larrabetzuko alkatea; Juan Mª Atutxa, Sabino Arana Fundazioko burua, eta CNTko hainbat afiliatu, Ramón Portillaren batailoia sindikatu horretakoa baitzen.
Hondarrak Urkulu mendiaren hegoaldeko hegalean zeuden, plataforma batean, mendiaren gailurretik 10 metro ingurura, harriz osatutako erlaitz batean. Harri horien artean harrapatuta geratu zen gorpua. Lurperatzea oso azalekoa zen, lurraren eta landaretzaren estalkia 25 zentimetro baino gutxiagokoa baitzen.
Ahoz gorako etzanera zegoen, beheko eskuineko gorputz-adarra tolestuta eta maldan igota, eta eskuineko basoa irekita. Hezur-hondarrak oso narriatuta zeuden, euri-uraren eta sustraien ondoriozko fenomeno tafonomikoen kariz. Bestalde, eskeletoaren zati batzuk falta ziren, animali sarraskijaleen ekintzagatik, edo gorpua deskonposatu bitartean hainbat zati askatu egin zirelako, malda handiaren ondorioz.
Hainbat objektu berreskuratu ziren hondarrekin batera: Euzkadiko Gudarostearen plaka-belarria, kautxuzko gerrikoa, belarria, larruzko uhalak, jaka bateko hiru botoi, 1937ko Euzkadiko Gobernuko 2 pezetako sei txanpon zituen zorroa, bizarra mozteko makinaren heldulekua, kartutxo-kaxa, biderkatzailea, 8 mm-ko diametroa zuen zorroa, eta kontserba-lata baten zatia. Objekturik esanguratsuena, lehen ere adierazi den bezala, identifikazio-plaka izan zen.
Plaka metaliko zirkularraren modeloko identifikazio-txapa bat zen, zulo bikoitza zuena, eta larruzko uhal batera lotuta zihoana, eskumuturrean eramateko. Txapan zenbakia zegoen grabatuta: 64160. Euskal Prospekzio Taldeko kideak kontsulta egin zuten gudularien nominen liburuetan, eta zenbaki hori 1937ko maiatzeko lehen hamabostaldiko nominen zerrendan zegoela aurkitu zuten. RAMÓN PORTILLA ACEDOri zegokion, CNTko 30 CELTA edo 6. zenbakiko batailoikoa bera.
Ramón Portilla Acedoren gorpuzkiak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi ziren, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak 2018ko otsailaren 9an antolatutako ekitaldi instituzional batean.
Ramon Portilla Acedoren ilobak, Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrorekin batera, Duintasunaren Kolunbarioan.