Urkulu 3. Atxamendi hobia (Larrabetzu, Bizkaia)
KOKAPENA | Atxamendi, Larrabetzu (Bizkaia) |
BIKTIMAK | 1 |
IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMA-KOPURUA | 1 |
DATA | 2017ko otsailaren 4a |
Nicolás Obregón Abad (XXX -1937- Larrabetzu, Bizkaia) CNTko “Sacco y Vanzetti” 4. Bataloiko 2. Konpainiako gudularia zen eta 1937ko ekainean borrokan hil zen.
Urkulu mendia Bilboko Burdin Heziko Gaztelumendi sektorean zegoen. 1937ko ekainaren hasieran, Prieto batailoiak (UGT 2) defendatzen zuen sektore hau. Ekainaren 11 goizean, tropa matxinatuen parte zen Nafarroako I. Brigadako Amerika batailoiaren (8. zenbakia) erasoa hasi zen. Bestalde, Montejurra Tertzioko eta Falangearen 2. Banderako erasotzaileek Urkulu mendiaren eskuineko hegala hartu zuten, abiazio faxistak Gaztelumendi ingurua bonbardatzen zuen bitartean. Ekainaren 12 gauean, indar errepublikazaleek kontraerasoa egin zuten, XII. Euskal Brigada protagonista izan zelarik. XII. Euskal Brigada honako batailoi hauek osatzen zuten: Abellaneda (EAJ-PNV), Celta (CNT) eta Sacco eta Vanzetti (CNT). Asturiasko II. Brigadak ere parte hartu zuen. Kontraeraso honi esker inguruko gailurretara iristea lortu zuten errepublikazaleek, baina ezin izan zituzten posizioak mantendu. Pasarte honen ondorioz, biktima asko egon ziren Urkulu inguruan, baita Aretxabalgane gainaren eta Gaztelumendiren arteko espazioan.
Larrabetzuko Karraderan taldeko Iskander Barrenak auzokide baten lekukotza jaso zuen. Lekuko hark gogoratzen zuenez, Urkulun gudari baten gorpua ikusi zuen, zuhaitz baten kontra bermatuta, pistola batekin. Leku horri garezurren mendia deitzen zitzaion, ohikoa baitzen bertan giza hondarrak aurkitzea, bereziki baso-lanak egiten zirenean. Urkulu mendian, gaur gaurkoz, hiru lurperatze aurkitu dira, hirurak azalekoak.
Errutinazko prospekzio batean, Alberto J. Sampedrok Euzkadiko Behin-behineko Gobernuko gerrikoko belarri bat aurkitu zuen, Mauser fusilaren kartutxo batzuen ondoan, giza hondar batzuekin lotuta. Aurkikuntza horren berri eman zitzaien Gogora Institutuari eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia Sailari.
Gorpuzkiak Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Euskal Prospekzio Taldeko kideek atera zituzten, 2017ko otsailaren 4an.
Gerrikoaren plaka Urkulu mendiko hegaleko malda harritsu baten buruan zegoen. Sasiak eta orbelak kendu ziren hegal guztian, hobiaren gainean, azaleko lurra agerian utzi arte. Sakonera gutxira, gerrikoko uhalak eta kartutxo-kaxa baten zatiak berreskuratu ziren, lehen aurkikuntza egin zen lekutik hurbil.
Maldako harkaitzezko horman, giza hondar batzuk aurkitu ziren, erlaitz txiki batean. Eskuineko humeroa, ezkerreko eskapularen akromia ingurua, eskuineko femurreko bi zati eta tibiaren diafisia ziren, bai eta lurperatzea aurkitu zen unean berreskuratu zen masailezurraren ezkerreko erdia ere. Horiekin batera, identifikazio-plaka obalatu bat aurkitu zen, 28616 zenbakia zeramana grabatuta.
Hildako borrokalariaren gorpua deskonposizio-prozesuan zehar maldan behera eroriko zela eta zati batzuk harkaitzen artean harrapatuta geratuko zirela ondorioztatu zen. Bestalde, beste zati batzuk laban egin edo erori egin ahal izan ziren, harri-hormaren azpian zegoen plataformaraino.
Latoizko identifikazio-plaka obalatuak (ardatz nagusiak 335 mm dauzka eta ardatz txikiak 200 mm) bi zulo dauzka errematxeentzat, bi muturretan, eskumuturrera lotu ahal izateko, errematxatutako larruzko tira baten bidez. Grabatutako zenbakia 28616 da. Euskal Prospekzio Taldeko kideek zenbaki hori bilatu zuten 1936ko urriko eta azaroko nominen zerrendan, zein borrokalariri zegokion jakiteko. Hala deskubritu zuten NICOLÁS OBREGÓN ABAD kaboarena zela, CNTko 4. batailoiko edo Sacco eta Vanzettiko 2. konpainiakoa, zeina 12. Euskal Brigadan baitzegoen sartuta, Carmelo Domenech buru, Euzko Gudarosteko 1. Dibisiora atxikita.
Nicolás Obregónen senideak aurkitzeko saiakerek ez dute emaitzarik izan. Ondorioz, ezinezkoa izan da hondarren nortasuna genetikoki berrestea.
Hezur-hondarrak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan gorde ziren, 2018an.