Zelaietaburu hobia (Etxebarria, Bizkaia)
KOKAPENA | Zelaietaburu, Etxebarria (Bizkaia) |
BIKTIMAK | 3 |
DATA | 2016ko martxoaren 5a eta apirilaren 17a |
Zelaietaburuko baserrietako (Etxebarria, Bizkaia) hainbat auzokidek emandako informazioaren arabera jakin ahal izan zen ondoko mendiaren goiko aldean hainbat soldatu omen zeudela lurperatuta. Markinako Ahaztuen Oroimena eta Elgoibarko Elgoibar 1936 taldeko kideek azterketa-lanak egin zituzten bertan. Izan ere, 1937ko apirilean hilabetez geldik egon ondoren, Euzkadiko Gudarosteko soldaduek posizioak defendatu zituzten, tropa frankistak aurrera egiten hasi zirenean. Tropa matxinatuak Elgoibarren, San Martin ermita eta Ziardamendi ingurua hartu ondoren, Zelaietaburuko zaintza-postu hori bilakatu zen Euzkadiko Gudarosteko hurrengo defentsa-posizioa.
Ondorioz, informazioa eman zutenek aipatzen zuten lubakia aurkitu nahi zen, prospekzio zehatz baten bidez. Horretarako, pinudian sasiak garbitu beharko ziren, eta jaurtigaiak eta elementu metalikoak aurkitu, lubakia non zegoen jakin ahal izateko. Lubakia mendiaren goiko aldean zegoen, haranean ikusgarritasun handiena zuen tokian. Bertatik, erasoan zegoen armada frankistaren mugimenduak kontrolatzen ziren. Lubakia garbitzeko prozesuan, giza hezurren hondarrak aurkitu ziren. Ondorioz, aurkikuntza horren berri eman zitzaion Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia Sailari, gorpuzkiak hobitik ateratzeko.
Esku-hartze arkeologikoa 2016ko martxoaren 5ean eta 17an egin zen, eta, bertan, Ahaztuen Oroimena, Elgoibar 1936 eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek parte hartu zuten. Eusko Jaurlaritzako agintariak eta hainbat alderdi politikotako ordezkariak ere egon ziren, besteak beste: Josu Erkoreka, Justiziako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea; Mónica Hernando, Bakearen eta Bizikidetzaren Saileko Memoria Historikoaren eta Giza Eskubideen zuzendaria; Jesús Iriondo, Etxebarriko alkatea; eta Julen Arzuaga, EH Bilduko legebiltzarkidea. Bertan egon ziren, era berean, Luis Ortiz Alfau, Euzkadiko Gudarosteko milizianoa, eta Arnaldo Otegi, ordezkari politikoa.
Hobiak 24 metro luzeko lubaki batean zeuden, Zelaietaburuko goiko aldean. Lubakiaren muturretako batetik 10 metroko distantzian, giza hezurren hondarrak aurkitu ziren. 1. gizabanako gisa identifikatutako gorpuari egotziko litzaieke.
Mendiaren goiko aldean dagoen lubakia. Bertan lurperatu ziren gorpuak. Zelaietaburu (Bizkaia).
Zelaietaburuko lubakiaren marrazkia.
1. gizabanakoa: Ahoz gorako etzanera zegoen, beheko gorputz-adarrak paraleloan luzatuta. Ezkerreko besoa apur bat tolestuta eta eskua abdominaletako zuloan, eskuineko eskua toraxean zehar luzatuta. Burua albo baterantz zuen, ezkerreko erdiaren gainean bermatuta. Bere kontserbazio-maila ez zen oso ona, agente tafonomikoen ondorioz. Hondarrak oso narriatuta eta aldatuta zeuden.
Ziur aski, heldu nagusi baten gorpua zen, 40 urtetik gorakoa, goiko arkuan hortzak galduta baititu. Goiko masailezurretik goiko protesi partzial bat (mugigarria) berreskuratu da.
Goiko masailezurreko protesi mugagarria. Zelaietaburu (Bizkaia).
2. gizabanakoa: Ahoz gorako etzanera jarrita. Uraren, sustraien eta lurzoruaren azidotasunaren ondorio handiak zituen. Hezurrak oso partzialki kontserbatzen ziren, hezur-bilbea galduta. Eskeletoko hezur batzuk baino ez ziren berreskuratu (ikus marrazkia). Gizonezko heldu baten gorpua dela ondorioztatzen da.
Hezurren hondar horiekin lotuta, eskuineko aldean honako hauek berreskuratu ziren:
- Zeluloidezko hortzetako eskuila hori eta gardena, jaspeztatuta, gune batzuk marroi koloreko jarrita. Heldulekuaren atzealdean, “Sanitas” marka irakur daiteke.
- Zeluloidezko hortzetako eskuila horia. Atzean, fabrikazio-lekua eta kalitatea aipatzen dira: “Made in England. Pure Brush”. Drogeria-denda baten oparia da, bertan iragartzen den bezala: “Droguería Olaizola”.
Hortzetako eskuilak, eskuinaldean aurkitutakoak. Zelaietaburu (Bizkaia).
Gainera, Mauser munizio-orrazi bat eta hainbat zorro eta kartutxo berreskuratu ziren borrokalari horren inguruan.
3. gizabanakoa: Ahoz gorako etzanera jarrita. Bere kontserbazio-egoera are eskasagoa zen. Bi femurren eta bi tibien diafisiak berreskuratu ziren soilik, bai eta ezkerreko erradioa ere.
Zelaietaburun (Etxebarria, Bizkaia) hiru borrokalariren hondarrak atera ziren lubaki baten barrualdetik. Bertatik, zehazki, Ziardamendi eta San Miguel (Elgoibar) ingurua zaintzen ziren, haranaren beste aldean. Zazpi hilabetez, 1936ko irailaren amaieratik hurrengo urteko apirilaren erdira, gerrako frontea inguru hartan egonkortu zen. 1937ko bigarren hamabostaldian, altxatutako tropek erasoa hasi zuten, eta Urkaregi mendia eta Zelaietaburu ingurua konkistatu zituzten. Orduan hil ziren, hain zuzen ere, miliziano hauek.
Lubakiaren zanga aprobetxatu zuten gorpuak lurperatzeko. Eskeletoen kokapena eta lerrokadura ikusita, pentsatzekoa da apropos jarri ziren horrela. Ondorioz, inguruko baserrietako auzokideek lurperatu zituztela berretsi daiteke. Gorpuzkiak ateratzeko prozesuan, ez zen identifikazio-txaparik berreskuratu. Horrek nabarmen mugatzen ditu hiru borrokalarien nortasuna orientatu ahal izateko aukerak.
Ahaztuen Oroimena elkarteak garatutako ikerketan zehar jasotako lekukotzen arabera, Zelaietaburun lurperatu ziren gudarietako batzuk Goierritik (Gipuzkoa) zetozen, baina, gaur gaurkoz, ezin izan da planteatu horien nortasunari buruzko hipotesirik, erkatze genetikoak egin ahal izateko.
Gorpuzkiak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi ziren, 2018ko otsailaren 9an, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatutako ekitaldian.