Zestafe hobia (Zigoitia, Araba)

KOKAPENA Zestafe (Zigoitia, Araba)
BIKTIMAK 1
DATA 2005

Ustekabean aurkitutako gorpuzkiak dira. Zestafeko (Araba) landa-bide batean aurkitu zituzten, Saimendi eta Arkanetu inguruan igarotzen den aparteko leku batean. Arabako Arkeologia Museoko teknikariek atera zituzten gorpuzkiak lurpetik. Museo bera Aranzadi Zientzia Elkartearekin harremanetan jarri zen berreskuratutako gorpuzkiak entregatzeko.

Hezurdura ez zegoen osorik, ezkerreko tibia eta peronerik ez baitzuen, ezta bi oinak eta hainbat saihets. Hezurren ondoan, nakarrezko zazpi botoi, metalezko hiru botoi eta prentsatutako kartoizko bi botoi aurkitu zituzten, baita eskuineko lepauztaiaren gainean zegoen jertse-kremailera bat ere.

Gorpuzkiak Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian duen Medikuntza Fakultateko Antropologia Forentseko laborategira eraman zituzten, eta han aztertu. 20 urte inguruko gizonezko bat zen. Hala ere, ezinezkoa izan zen heriotzaren arrazoia zehaztea, ez baitzen zantzurik edo lesiorik ikusi gorpuzkietan.

Gizabanakoa ezin izan da identifikatu, ez dago daturik identifikazio-lanak bideratzeko.

Gorpuzkiak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi ziren, 2017ko urtarrilaren 30ean, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru zela egindako inaugurazio ekitaldian.