Zirardamendi hobia (Elgoibar, Gipuzkoa)

KOKAPENA Zirardamendi, Elgoibar (Gipuzkoa)
BIKTIMAK 4
IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMA-KOPURUA 2
DATA 2012ko ekainaren 16a

 Sabino Atutxa Olabarria (1917 Bilbo, Bizkaia – 1936 Elgoibar, Gipuzkoa) Bilbon jaioa eta Getxoko biztanlea. Gordexola 16. Batailoiko Garaizabal Konpainiako kide zen (EAJ). 1936ko irailak 25ean hil zen Aiastia (San Migel) - Zirardamendiko frontean jasandako zaurien ondorioz.

Eusebio Gaubeka Gibelondo   (1916 Leioa, Bizkaia - 1936 Elgoibar, Gipuzkoa) Leioan jaioa eta bertako biztanlea, ezkongabea eta lanbidez jornalaria. Gordexola 16. Batailoiko Garaizabal Konpainiako kide zen (EAJ). 1936ko irailak 25ean hil zen Aiastia (San Migel) - Zirardamendiko frontean jasandako zaurien ondorioz.

Elgoibarko mendiak Gerra Zibilak Euskadin izan zituen gertaera garrantzitsuenetakoen lekuko izan ziren. 1936ko irailaren 13an Donostia erori ondoren, eta Gipuzkoaren okupazioa azkar batean burutu ondoren, tropa frankistak Elgoibarren sartu ziren irailaren 21ean. 1936ko irailaren azken egunetan gerra Kalamua, Urkaregi, Zirardamendi eta Aiastia (San Migel) inguruetara heldu zen. Hemen gudari eta milizianoek matxinatuen aurrerapena geldiaraztea lortu zuten.

Borrokak irailaren 23an hasi ziren eremu horretan, eta egunez luzatu ziren. Irailaren 24an, Arana Goiri batailoiko gudariak (zehazki, Garaizabal konpainia eta Zubiaur konpainiaren bi sekzio) Urkaregi gainera igo ziren, erreketeen aurka borrokatzera. Bertan, konpainia sozialista eta anarkistekin, Garellanoko soldaduekin, Asaltoko guardiekin eta beste gudari batzuekin bat egin zuten. Irailaren 25ean ere erasoek eta borrokek segitu zuten Urkaregi eta Aiastia (San Migel) inguruan, 7 baja egon zirelarik. Irailaren 28an, indar matxinatuak jaun eta jabe ziren Kalamuan, Urkaregin, Aiastian (San Migel) eta Arraten. Liskarrak luzatu egin ziren, eta azkenean, urriaren 8an, frontea egonkortu egin zen. 7 hilabetez egon zen geldirik. Guztira, hamabi gudari eta miliziano hil ziren .

Gazte horiek borrokan ari ziren bitartean, urriaren 1ean Gorte errepublikanoek Euskadiko Autonomia Estatutua onartu zuten, eta urriaren 7an, Jose Antonio Aguirre lehendakariak Gernikan bere kargua zin egin zuen.

Gerra ostean, diktadura betean, José María Otxoa de Txintxetru eta José Landa, Sabino Arana Batailoiko gudari ohiak, Zirardamendi ingurua bisitatzen hasi ziren eroriei omenaldia egiteko. 1952an, gurutze bat jarri zuten lurperaketak gertatu ziren tokitik gertu. 1982ko uztailaren 9an Deia egunkarian argitaratutako albiste baten bitartez, jakinekoa da, Zirardamendi gainean zeuden bi hobietan lurperatuta zeuden 6 gudarien gorpuzkinak atera eta Derioko hilerrira eraman zituztela. Aipatutako iturriaren arabera, sei gudariak honako hauek ziren: Paulino Beraza Madariaga, Felipe Elorriaga Larrea, Blas Larrazabal Inunciaga, Juan Zabala Loza, Ambrosio Echevarria Uriarte eta José Chinchurreta Zamacona. Derioko kanposantuan ehortzi ziren berriz (Bizkaia). [1].

[1]  Deia egunkarian argitaratu zen albistea  1982/07/09ean.

Lau borrokalarien hobia Zirarda mendiaren iparraldeko hegalean egin zen, malda handiko leku batean. Bertan, gaur egun, pinudi bat dago. Hala ere, tamaina txikiko lautada bat antzeman daiteke, antzina txondor baten plataforma moduan erabili ahal izan zena. Gorpuak buztinezko lursail bigun batean metro baterako sakoneran ehortzi ziren, landaretza begetal asko zegoen lekuan.

Hezurren hondarrak luzetara jarri ziren leku hartako marga-geruza hauskor baten gainean, 3,80 metro luze eta metro bat zabal okupatuz. Gorpu guztiak zeuden ahoz gorako etzanera, elkarren aurka, baina elkarren gainean egon gabe, oinen gunean baino ez baitzuten elkar ukitzen.

Hezurren hondarrek ez zuten kontserbazio-egoera ona, hezetasunaren eta lurzoruaren azidotasunaren ondorioz.

1. gizabanakoa gizonezko heldu gazte bat zen, 30 urtetik beherakoa. Heriotzaren arrazoiarekin lotuta, 42 mm luzeko lesio bat zuen, kanal formakoa, 21 mm-ko zabalerarekin, eskuineko parietalaren gainean. Su-arma baten jaurtigaia tangentzialki bertatik pasatzearen ondorioz hautsi ahal izan zen.

2. gizabanakoa: 20 urte inguruko gizonezko heldu gaztea. Garezurrean hausturak zituen, batez ere atzeko partean; ezkerreko parietalean eta okzipitalean eragiten zuten.

3. gizabanakoa: 20 urte inguruko gizonezko heldu gaztea. Garezurrean hausturak zituen, batez ere ezkerreko aurreko aldean eta okzipitalean.

4. gizabanakoa: Gizonezko heldu gaztea. Garezurrean haustura ugari zituen, aurretik atzera zihoazenak.

Lesio traumatikoak ere antzeman dira. Garezurreko trauma bat, hausturekin kasu guztietan, su-arma baten jaurtigaien inpaktu zuzenaren ondorioz.

Zirardamendi hobia (Elgoibar, Gipuzkoa).

Baja-parteen eta kanpainako egunkarietako dokumentazioa ikertuta gudulariak nortzuk izan zitezkeen hipotesi planteatu zen. Ondoren, hezur-hondarretatik hartutako laginak senide izan zitezkeenekin alderatu eta emaitzek ondokoa egiaztatu zuten: 2. gizabanakakoa Sabino Atutxa Olabarria zela eta 3. gizabanakakoa Eusebio Gaubeka Guibelondo

Sabino Atutxa Olabarriaren gorpuzkiak eta 1. eta 4. Gizabanakoenak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi ziren 2017ko urtarrilaren 30ean, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatutako ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela.

Eusebio Gaubeca Guibelondoren gorpuzkiak familiari eman zizkioten.