Memoria Plaza erakusketa Barakaldon izango da
Erakusketa ikusgai egongo da Barakaldoko Udaletxeko Plazan azaroaren 27tik abenduaren 3ra. Herriko elkarteek eta eskolek erakusketan bertan egingo diren tailerretan parte hartzeko aparteko aukera izango dute.
Barakaldoko alkateak Amaia del Campok eta Aintzane Ezenarrok Gogora Institutuaren zuzendariak, Memoriaren Plaza Barakaldon erakusketa aurkeztu dute. Herritarrek parte hartzeko iaz martxan jarritako proiektu bat da; helburua da Euskadin azken urteotan gertatutakoei buruzko lekukotzak biltzea eta azaltzea, memoria plural eta partekatu bat eraikitzeko asmoz. Erakusketa Barakaldoko Herriko Plazan izango da azaroaren 27tik abenduaren 3ra eta irekiera-ekitaldia azaroaren 27an, astelehenean izango da 18:00tan.
Amaia del Campo alkateak Barakaldok sufritu duen bonbardaketa gogorrenaren eta Habana ontziaren azken bidaia gertatu zirenetik 80 urte betetzen direla ekarri du gogora. Bonbardaketa hartan, 2000 herritar baino gehiago izan ziren kaltetuak. Bere esanetan, Memoriaren Plaza Barakaldon erakusketa “gure sustraiak bizirik mantentzeko eta gertakari gogor eta triste hauek ahantzi ez daitezen egiten ari garen lana borobiltzeko modua da”. Herritarrek orduan erakutsitako kemena eskertu du alkateak, bere hitzetan, errealitateari aurre egiteko moduak egin duelako egungo Barakaldo den modukoa.
Erakusketa honek izango duen berrikuntza aipatu du Aintzane Ezenarrok, ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoarekin, herriko elkarteek bisita gidatua egiteko aukera izango baitute erakusketa Barakaldon egongo den astean. Horretarako, gonbitea luzatu diete elkarteei, bai GOGORAren zuzendariak eta baita Amaia del Campo Barakaldoko alkateak ere, ekimenean parte hartu dezaten.
PARTE-HARTZE DATUAK
Ekimena hasi zenetik -2016ko otsailean Bilbon egin zen lehenengoz- Memoriaren Plaza 15 herritan egin da, Barakaldo da 16.a eta hauexek datuak: 27.500 lagunek hartu dute parte egin diren 15 erakusketatan eta bertan programatu diren ekitaldietan eta hauetatik 4.100 DBH4, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleak dira, eraientzat bereziki programatutako tailer didaktikoetan parte hartu dutenak.
Izan ere, Memoria Plaza erakusketak astean zehar goizez, hezkuntza tailerrak antolatzen ditu DBH4ko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat. Helburua da esperientzia esanguratsua eskaintzea Memoria eraikitzeko giltzarriak ezagut ditzaten laguntzeko eta gogoeta kritikoa egin dezaten errazteko.
HELBURUAK
Ezenarrok azaldu duenez, lau xede ditu Memoriaren Plaza proiektuaren fase ibiltariak:
? Memoria jendarteratzea eta partekatzea, erakusketa baten bitartez, eta guztion artean eraikitako gogoeta sustatzea.
? Herritarrei beren memoria-lekukotza uzteko espazio bat eskaintzea.
? Memoriak udalerrien eremuan lantzea, eta dinamikak sustatzea iraganari buruzko gogoeta kritikoak partekatzeko.
? Gogora Institutua ezagutaraztea eta herritarrengana hurbiltzea.
ERAKUSKETAGUNEA
Honako gune hauek izango ditu:
? Lekukotzak grabatzeko eremua: erakusketara bertaratutakoek beren memoria-lekukotza in situ grabatzeko aukera izango dute.
? Lekukotzen bideoak: Gerra Zibilaren nahiz 107/2012 Dekretuaren babespeko frankismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dituzte, bai eta terrorismoaren biktimenak ere.
? Proiekzio eta debate eremua: zenbait dokumental proiektatuko dira eta mahai-inguru batzuk antolatzea aurreikusi dute.
? Mezuen hormairudia: bertaratzen direnek beren mezua hormairudian idatzi ahalko dute.
MEMORIA PLAZAREN AURREKARIAK
Gogora Institutuak urte honen hasieran hasi zan testigantza hauek ezagutarazten eta herritarren zuzeneko testimonio eta emozioak biltzen. Orain arte, erakusketa ibiltari hau Bilbon, Durangon, Tolosan, Gasteizen, Eibarren, Donostian, Zarautzen, Arrasaten, Getxon, Lasarte-Orian, Gernikan, Santurtzin, Portugaleten eta Sestaon egon da.
Beste udalerrietako esperientziak eskuragarri daude hurrengo estekan: https://goo.gl/lEJ8Xv