Terrorismoaren eta biolentziaren hiru biktima emakumezko Sestaoko Memoriaren Plaza erakusketan
Argitalpen-data:
Memoriaren Plaza erakusketa Sestaon izango da ikusgai azaroaren 6tik 12ra
Nerea Barrios, Inés Núñez eta Carmen Torres jatorri desberdineko biolentziaren biktimak dira eta hirurek hitz egingo dute datorren azaroaren 8an Sestaoko Memoriaren Plaza erakusketaren baitan egingo den mahai-inguruan. Halaxe aurreratu du Aintzane Ezenarrok, GOGORAren zuzendariak Ainhoa Basaberekin, Sestaoko Udaleko alkateordearekin batera eman duen prentsaurrekoan.
Aintzane Ezenarrok nabarmendu egin du Carmen Torres-ek lehenengoz hitz egingo duela Memoriaren Plazan bere senarra zenaren hilketaz. Jose María Portell kazetaria 1978an hil zuen ETAk. Carmen Torres-ek ondoan izango ditu Inés Núñez, Francisco Núñez, bidegabeko polizia indarkeriagatik 1977an hil zenaren alaba eta Nerea Barrios, José Luis Barrios Santurtziko jatetxe baten jabea zena, 1988an ETAk hil zuenean.
Mahai-inguruaz gain, Memoriaren Plaza erakusketak Gerra Zibilaren nahiz 107/2012 Dekretuaren babespeko frankismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dituzte, bai eta terrorismoaren biktimenak ere. Erakusketa azaroaren 6an irekiko da 18:00tan.
Aurkezpenean, Ainhoa Basabek, Sestaoko Udaleko alkateordeak, herriko memoria berreskuratzeko emandako pausoak aipatu ditu eta Memoriaren Plaza erakusketak garai batean herrian gertatutakoa gogoratzeko eta gertakari haiek gizartean eragindako bidegabeko sufrimendua ez ahazteko aukera ematen duela.
HELBURUAK
Ezenarrok azaldu duenez, lau xede ditu Memoriaren Plaza proiektuaren fase ibiltariak:
- Memoria jendarteratzea eta partekatzea, erakusketa baten bitartez, eta guztion artean eraikitako gogoeta sustatzea.
- Herritarrei beren memoria-lekukotza uzteko espazio bat eskaintzea.
- Memoriak udalerrien eremuan lantzea, eta dinamikak sustatzea iraganari buruzko gogoeta kritikoak partekatzeko.
- Gogora Institutua ezagutaraztea eta herritarrengana hurbiltzea.
SESTAOKO EGITARAUA
Gogora institutuaren zuzendariak Memoriaren Plazaren programazioa azaldu du:
- Azaroaren 6an 18:00etan: erakusketaren irekiera-ekitaldia.
- Azaroaren 8an, 19:00etan: biktimen mahai-ingurua. Carmen Torresek, Nerea Barriosek eta Inés Núñezek parte hartuko dute.
- Sestaoko Memoria Plazak hezkuntza tailerrak antolatuko ditu goizetan DBH4ko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat. Helburua da esperientzia esanguratsua eskaintzea Memoria eraikitzeko giltzarriak ezagut ditzaten laguntzeko eta gogoeta kritikoa egin dezaten errazteko
ERAKUSKETAGUNEA
Honako gune hauek izango ditu:
- Lekukotzak grabatzeko eremua: erakusketara bertaratutakoek beren memoria-lekukotza in situ grabatzeko aukera izango dute.
- Lekukotzen bideoak: Gerra Zibilaren nahiz 107/2012 Dekretuaren babespeko frankismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dituzte, bai eta terrorismoaren biktimenak ere.
- Proiekzio eta debate eremua: zenbait dokumental proiektatuko dira eta mahai-inguru batzuk antolatzea aurreikusi dute.
- Mezuen horma-irudia: bertaratzen direnek beren mezua horma-irudian idatzi ahalko dute.
MEMORIA PLAZAREN AURREKARIAK
Gogora Institutuak iaz ekin zion testigantza hauek ezagutarazteari eta herritarren zuzeneko testimonio eta emozioak biltzeari. Orain arte, erakusketa ibiltari hau Bilbon, Durangon, Tolosan, Gasteizen, Eibarren, Donostian, Zarautzen, Arrasaten, Getxon, Lasarte-Orian, Gernikan, Santurtzin eta Portugaleten egon da. Beste udalerrietako esperientziak eskuragarri daude hurrengo estekan: