Proiektuak

Gogorak eta Ugao-Miraballeseko udalak Burdin Hesiaren ibilbidearen panel berritua aurkeztu dute

Argitalpen-data: 

Gaur goizean Ugaon egin den ekitaldian aurkeztu da Burdin Hesiak herrian dituen arrastoetatik igarotzen den Memoria Ibilbidearen panel berritua

Gaur goizean Ugaon egin den ekitaldian aurkeztu da Burdin Hesiak herrian dituen arrastoetatik igarotzen den Memoria Ibilbidearen panel berritua. Panel honek Burdin Hesia igarotzen den herri guztietara egokitutako seinaletika jasotzen du, iaz sinatutako hitzarmenaren ondotik, eta Burdin Hesia zer den eta zein kontestutan eraiki zen esaten du. Panela erakusteko egin den ekitaldian Ekaitz Mentxaka alkateak bere esker ona eta errekonozimendua adierazi die Ugao Burdin hesia-Cinturón de Hierro de Ugao-ko kideei memoria historikoa berreskuratzeko egiten ari diren lan eskergagatik. Era berean, alkateak azpimarratu egin du Burdin Hesia babestu eta mantentzeko erakunde publiko eta gizarte eragileen konpromezua eta elkarlana.

GOGORAk diseinatuta, herrian jartzen den lehenengo panela da; bertan, Gerra Zibilean Bilbo eta inguruak tropa frankistetatik babesteko eraiki zen lehen defentsa-lerroa zer izan zen jaso da. Testuinguru orokorraz gain, panelak Burdin Hesiaren Ugako ibilbidearen lokalizazio mapa dakar. 2,5 km-ko luzeera du guztira eta Udaleteko plazatik abiatuta, Burdin Hesiko zenbait babesleku eta lubakitatik pasatzen da.

Gainera, panelean Burdin Hesiari, hura diseinatzen eta eraikitzen parte hartu zuten pertsonei, defendatu zuten batailoiei eta hura erortzea eragin zuten gertakariei buruzko informazioa ageri da, bai eta Gerra Zibila Euskal Herrian nolakoa izan zen jakiteko azalpen laburra ere.

Iaztik, Burdin Hesia Euskal Kultura Ondaretzat eta Euskadiko Memoria Demokratikoaren Ibilbidetzat hartzen da, Eusko Jaurlaritzak, Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiek eta bi lurraldeetako 33 udalerrik sinatutako akordioaren bidez. Akordio horrek lankidetza-esparru globala ezartzen du, defentsa-lerro hori babesteko, finkatzeko, mantentzeko eta haren balioa nabarmentzeko.

Burdin Hesia:

http://bit.ly/2BFnLnQ

Bilboko Burdin Hesia eta Defentsak