Memoriaren Plaza erakusketa Irunen egongo da astebetez
GOGORAren zuzendariak, Aintzane Ezenarrok eta Irungo alkateak José Antonio Santanok ireki dute gaur arratsaldean Memoria Plaza erakusketa ibiltariaren 16. edizioa. 2016ko otsaila ez geroztik martxan den ekimena da hau eta Irunen, Urdanibia Plazan, datorren urtarrilaren 28a arte egongo da zabalik.
Aintzane Ezenarro memoriaren transmisioaz eta horrek duen garrantziaz aritu da eta horretaz jabetzeko, hainbat gazteren testigantzak izan dira ikusgai irekiera ekitaldian. Bideo bidez, gazteek gure historia hurbilean gertatutakoa ezagutzeko duten beharraz hitz egiten dute eta honen harira, agintariei eta, oro har, gizarteari hainbat eskakizun luzatzen dizkiete. Gazteok, bere garaian terrorismoaren eta biolentziaren biktimen testigantzak eskoletara eramaten dituen Adi-Adian programan parte hartu zuten neska-mutilak dira eta Memoria Eguneko ekitaldian parte hartu zuten azaroaren 10ean.
Ezenarrok datorren asteazkenean, urtarrilaren 24an, izango den biktimen mahai-inguruaz ere aritu da, terrorismoaren eta biolentziaren biktimek gure herriaren bizikidetzari egiten dioten ekarpena azpimarratuz. Egun horretan Memoria Plazan izango dira: Maider García, Juan Carlos García Goena GALen biktimaren alaba; María Isabel González Alberto Soliño bidegabeko polizia indarkeriaren biktimaren alarguna; María Ángeles Martínez, Julio Martínez ETAren biktimaren alaba eta Alberto Muñagorri ETAren lehergailuz betetako motxila batek zauritu zuena.
PARTE-HARTZE DATUAK
Ekimena hasi zenetik -2016ko otsailean Bilbon egin zen lehenengoz- Memoriaren Plaza 15 herritan egin da, eta hauexek datuak: 30.100 lagunek hartu dute parte egin diren erakusketatan eta bertan programatu diren ekitaldietan eta hauetatik 4.100 DBH4, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleak dira, beraientzat bereziki programatutako tailer didaktikoetan parte hartu dutenak.
Izan ere, Memoria Plaza erakusketak astean zehar goizez, hezkuntza tailerrak antolatzen ditu DBH4ko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat. Helburua da esperientzia esanguratsua eskaintzea Memoria eraikitzeko giltzarriak ezagut ditzaten laguntzeko eta gogoeta kritikoa egin dezaten errazteko.
HELBURUAK
Lau xede ditu Memoriaren Plaza proiektuak:
- Memoria jendarteratzea eta partekatzea, erakusketa baten bitartez, eta guztion artean eraikitako gogoeta sustatzea.
- Herritarrei beren memoria-lekukotza uzteko espazio bat eskaintzea.
- Memoriak udalerrien eremuan lantzea, eta dinamikak sustatzea iraganari buruzko gogoeta kritikoak partekatzeko.
- Gogora Institutua ezagutaraztea eta herritarrengana hurbiltzea.
ERAKUSKETAGUNEA
Honako gune hauek izango ditu:
Lekukotzak grabatzeko eremua: erakusketara bertaratutakoek beren memoria-lekukotza in situ grabatzeko aukera izango dute.
- Lekukotzen bideoak: Gerra Zibilaren nahiz 107/2012 Dekretuaren babespeko frankismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dituzte, bai eta terrorismoaren biktimenak ere.
- Proiekzio eta debate eremua: zenbait dokumental proiektatuko dira eta mahai-inguru batzuk antolatzea aurreikusi dute.
- Mezuen hormairudia: bertaratzen direnek beren mezua hormairudian idatzi ahalko dute.
MEMORIA PLAZAREN AURREKARIAK
Gogora Institutuak urte honen hasieran hasi zan testigantza hauek ezagutarazten eta herritarren zuzeneko testimonio eta emozioak biltzen. Orain arte, erakusketa ibiltari hau Bilbon, Durangon, Tolosan, Gasteizen, Eibarren, Donostian, Zarautzen, Arrasaten, Getxon, Lasarte-Orian, Gernikan, Santurtzin, Portugaleten, Sestaon eta Barakaldon egon da.
Beste udalerrietako esperientziak eskuragarri daude hurrengo estekan: https://goo.gl/lEJ8Xv