Memoria-Ibilbideak (PDF, 1 MB)
Zamudion Burdin Hesiaren 11,1 kilometroko luzeera duen ibilbidea berreskuratu eta seinalatzeko lanak egin dira Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, Gogorak diruz lagunduta. Zamudioko Arroetan jarri da ibilbidearen azalpen-panela, bertan mapa bidez erakusten da ibilbideak Zamudiotik abiatuta Berreaga-Urrusti-Gaztelumendi gainera egiten duen bidea, ondoren berriro herrira jaisteko. Bidean zehar ikusi daitezke garai hartan eraikitako gotorleku eta lubakiak.
Burdin Hesia puskatu aurreko egunetan, 1937ko ekainaren 11 eta 13 artean, izan ziren borroka latzak izan ziren zona honetan. Ekainaren 12an frankistek Burdin Hesia puskatu eta Zamudio eta Lezamara jaitsi ziren handik Artxanda aldera jarraitzeko.
Zonalde berean, Gamiz-Fikan, indusketa arkeologiko lanak egiten ari dira eta bertan, orain arte ezezagunak eta katalogatu gabe zeuden ametralladorentzako kokaleku bi berreskuratu dira. Jarduera hau Gogorak diruz lagunduta egiten ari da eta bertako Udalak txostena egin du Kultura Ondasun gisa jasotzeko Monumentu Multzo kategoriarekin.
2018tik Burdin Hesia kultura-ondasun izendatuta dago, monumentu-multzo kategoriarekin, eta Eusko Jaurlaritzak, Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiek eta bi lurraldeetako 33 udalerrik sinatutako lakordioaren bidez, lankidetza-esparru globala ezartzen du, defentsa-lerro hori babesteko, finkatzeko, mantentzeko eta haren balioa nabarmentzeko.
Ordutik, Bilboko Burdin Hesia berreskuratu eta balioesteko lanak finantzatu ditu Gogorak 15 herritan. Askotariko lanak dira, hala nola: arkeologia lanak, elementuak garbitu eta finkatu, azalpen panelak eta ibilbidean zehar seinalizazioa jartzea eta dibulgaziorako materiala editatzea.
Burdin Hesia: https://bit.ly/2BFnLnQ