Gogorako zuzendaria, Alberto Alonso, Iruñean izan da, identifikatutako hiru pertsonaren gorpuzkiak bere familiei emateko ekitaldian

Argitalpen-data: 

• Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak Tomás Mardones Llorente eta Segundo Hernández Blanco arabarren eta Tomás Nache Guzmán almeriarraren gorpuzkiak eman dizkie gaur goizean haien familiei
• Tomás Mardones eta Tomás Nache 1936an hil zituzten, San Cristobal gotorlekutik ihes egiten saiatzea egotzita, eta Segundo Hernández Elian hil zuten 1938ko ihesaldi handian

Gasteiz, 2024/10/04

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, Alberto Alonso, Iruñean izan da gaur goizean, hiru identifikaturen gorpuzkiak haien familiei emateko ekitaldi instituzionalean. Tomas Mardones eta Segundo Hernández gasteiztarrak eta Tomas Nache almeriarra dira, San Cristobal gotorlekuko presoak hirurak, frankistek ihesaldi saiakeren ondoren exekutatu zituztenak.

Tomás Nache eta Tomás Mardones 1936an hil zituzten, San Cristobalgo espetxetik ihes egiten saiatzea egotzita. Haren gorpuzkiak Berriozarko hilerrian aurkitu zituzten 2022ko martxoan. Segundo Hernández Elian hil zuten, 1938ko ihesaldi handian, eta haren gorpuzkiak Eliako hobian (Eguesibar) berreskuratu zituzten, 2015ean.

Ana Ollo lehendakariorde eta Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak eman dizkie gorpuzkiak senideei, Nafarroako Jauregian egindako ekitaldi instituzionalean. Eraildako hiru presoen senideez gain, Nafarroako Parlamentuko kideak, Memoria Historikoaren Batzorde Teknikoko kideak, udal agintariak, memoria-elkarteetako ordezkariak, Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikariak eta identifikazio genetikoez arduratzen den Nasertic laborategiko kideak izan dira ekitaldian.

Gogora Institutuko zuzendariak, Alberto Alonsok, ekitaldian bertaratuta, adierazi nahi izan du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa duela frankismoaren errepresioaren biktima izan ziren pertsonak berreskuratzeko, identifikatzeko eta senideei emateko memoriapolitika publikoekin. Era berean, bat egin du Ollo sailburuak bere hitzaldian aipatu duen erakundeen, elkarteen eta talde teknikoen artean lankidetzan lan egiteko borondatearekin, gaurko ekitaldiak islatzen dituen helburuak lortzeko.

Biktimen biografiak
Tomás Mardones Llorente 1912ko maiatzaren 4an jaio zen Gasteizen eta arotza zen lanbidez. CNTko eta FAIko kidea zen, eta Arabako anarkisten talde aktibo batekin lotuta zegoen. Gainera, bere anaietako batzuk bezala, Alaveseko futbolaria izan zen. Bere beste anaietako bat, Alejandro Mardones, San Cristobal gotorlekuan preso egon zen, 1938ko maiatzaren 22ko ihesaldian parte hartu zuen eta bertan hil zuten, baina oraindik ezin izan dituzte haren gorpuzkiak identifikatu.

Tomás Mardones 1936ko ekainaren 24an sartu zen San Cristobal gotorlekuan, eta, Fermín Ezkieta ikertzailearen arabera, ihesaldi saiakera batean parte hartu zuen 1936ko uztailaren 27an, 775/1936 sumarioa irekitzea ekarri zuena. Urte hartako azaroaren 1ean, epaiz kanpo exekutatu zuten preso zeuden beste hogei kiderekin. Hil ondoren, gorpuak Berriozarko hilerrira eraman zituzten. Han, San Cristobalgo Txinparta-Gotorlekua elkarteak 2009an jarritako plaka batek haien izenak gogoratzen ditu.

Horien artean dago Tomás Nache CNTko kidearena ere; 22 urte zituen, almeriarra zen eta arotza lanbidez. 1936ko ekainaren 22an sartu zen San Kristobal gotorlekuan, eta, Ezkietaren arabera, ihesaldi saiakera berean parte hartu zuen. Bi preso horiek errepresalia gisa exekutatu zituzten, ihesaldi saiakeraren akusazioa jazo eta hilabete batzuetara.

Segundo Hernández Blanco, 2015ean Eliako hobitik atera zutena, Tomás Mardones bezala, gasteiztarra zen eta 19 urte zituen 1938ko maiatzean ihes egin zuenean. CNTko militantea zen, eta 1936ko uztailaren 24an atxilotu zuten beste gazte batzuekin batera.
20 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten eta Gasteizko probintziako espetxean sartu zuten 1937ko urtarrilera arte. Orduan, San Cristobal gotorlekura eraman zuten. Haren aita, Joaquin, 1936ko abenduaren 14an hil zuten. 1938ko maiatzean ihesaldi handian parte hartu zuen beste 795 presorekin batera, eta beste bi kiderekin batera atxilotu eta hil zuten, tartean Vicente Mainz, Elian. Han aurkitu zituzten haren gorpuak.

Senideekin harremanetan jartzeko deia
Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak bat egin du Nafarroako Gobernuak iheslari eta errepresaliatuen senideak aurkitzeko egin duen deiarekin, horien lagin genetikoek identifikazio berriak ahalbidetu ditzaketelako. Oraindik ezin izan da honako hauen senideekin harremanetan jarri:

· José Pedro Cantero Tejada, Badolatosakoa (Sevilla), 29 urte

· Juan Cruz Villar, Santander (Kantabria), 19 urte

· Jacinto Curto Pérez, San Juan de Torresekoa (Leon), 27 urtekoa.

· Manuel Hidalgo González, Kordobakoa, 20 urtekoa

· Manuel González Amorós, Torreviejakoa (Alacant), 28 urte

· Félix Manzanares Ortiz, Horcajo de Santiagokoa (Cuenca), 27 urte

· Antonio Marmaneu Estupiña, Castelló de la Planakoa, 43 urte

· Hermenegildo Marquina García, Barakaldokoa (Bizkaia), 25 urte

· Inocencio Martín Arranz, Santa Cruz de la Salcedakoa (Burgos), 44 urtekoa.

· Juan Dionisio Ortiz Sanz, Monehuelakoa (Jaen), 27 urtekoa.

· Epifanio Osoro Icolbaceta, Durangokoa (Bizkaia), 22 urtekoa
· Bernabé Rodríguez Presa, Leongoa, 21 urte

· Ángel Santamaría Legaria, Moredakoa (Araba), 35 urte
· Antonio Valdivielso Secada, Valienzo (Kantabria), 25 urte

Nafarroako Memoriaren Institutuak 2022ko martxoan Berriozarko hilerrian egindako desobiratze lanetan 21 errepresaliaturen gorpuzkiak aurkitu zituzten, su-armaz hil izanaren zantzu nabarmenak zituztenak. Orain arte horietako hiru identifikatu eta familiei entregatu dizkie nafar gobernuak.