Justizia eta Giza Eskubideetako sailburu María Jesús San Josék eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Alberto Alonsok 1936ko uztailaren 25ean, hiru pertsona judizioz kanpo exekutatu zituzten lekua, duintzeko ekitaldian parte hartu dute gaur goizean, Biasterin.
Sailburuak hiru pertsona hauen “hilketa doilor eta bidegabea” salatu ditu. Juan Larreta Larrea, Iruñekoa eta lanbidez maisua, Antonio Bombín Hortelano, fraide frantziskotarra Angucianan eta Castrillo de Don Juanen (Palentzia) jaioa, eta identifikatu gabeko hirugarren pertsona bat landa-etxola batean hil zituzten 1936ko uztailaren 25ean. “Oraindik Espainiako areketan dauden milaka gazte anonimoetako bat, zeinen bizitzak, etorkizunerako ametsak, bat-batean zapuztu baitziren beraientzat lekurik ez zegoen aberriaren izenean” adierazi du sailburuak.
Bai Larretak, bai Bombinek, ideia sozialistekin bat egin eta aktiboki defendatu zituzten eta horri egin dio aipua María Jesús San José sailburuak “egungo euskal gizartearen oinarri diren ideiak defendatzeagatik hil ziren. Aberri itogarri, homogeneo eta uniforme baten izenean erailak. Beren eredu totalitarioa inposatu nahi zutenen esku. Zenbat min, zenbat sufrimendu eragin dion aberrien eta banderen ikuspegi baztertzaile horrek euskal gizarte honi. Zenbat orbain gaizki sendatu gure bihotzak zeharkatzen jarraitzen dutenak”.
Juan Larretak Trevianako zirkulu sozialista sortu eta Bigarren Errepublika aldarrikatu zuen bertan. Bombín anaia frantzizkotarrak ‘Con-Ciencia’ izeneko zutabean, Izquierda Republicana astekarian, bere ideiarioa utzi zuen inprimatuta, non, besteak beste, esaten zuen ‘herriak ez due ogia bakarrik eskatzen, justizia, zientzia eta arrazoia ere eskatzen ditu’.
Sailburuak zera adierazi du "bere delitu bakarra bere ideiak libreki defendatzea izan zen, doilorki erail zituzten pertsona bakoitzak duintasunez bizitzeko beharrezko baliabideak izateko duen eskubidea defendatzeagatik. Gizabanako bakoitzaren berdintasuna defendatzeagatik. Hezkuntza unibertsal eta laikoa defendatzeagatik, ezagutza herritartasuna eraikitzeko funtsezko tresna izan dadin. Errepublika haren balioak defendatzeagatik akabatuak. Lurralde honetan pertsona guztientzako lekua dagoela aldarrikatzeagatik, berdin diola ideologiak, otoitz egiten zaion jainkoak, hitz egiten den hizkuntzak, sexu-identitateak, horrek guztiak ez du axola hiritar izateko. Elkarbizitza bermatzeko ditugun oinarrizko arauak errespetatzea, besterik ez ".
Eusko Jaurlaritzak, Gogoraren bitartez, Nafarroako Gobernuarekin, Biasteriko Udalarekin eta Errioxako La Barranca memoria historikoaren elkartearekin batera, totem bat aurkeztu du, exekutatutako hiru pertsonen memoria berreskuratzeko eta duintzeko.
"Gaur hemen ahotsa altxatu nahi dugu berriro, krimen haien bidegabea aitortu. Barkamena eskatzea hainbeste urteko isiltasunagatik. Begietara begiratzea eta euskal gizarteak haiekin duen zor handia aitortzea. Beren bihotzean kendu nahi izan zieten duintasuna gordetzen jakin duten familia horiekin" esan du Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak.
Ekitaldia
Sailburuaren aurretik, Biasteriko alkateak, Raúl Garcíak hitz egin du eta haien ondoren, Asun Larreta, Juan Larreta Larrea bilobak, eta Carlos Muntión, La Barranca Errioxako memoria historikoaren elkarteko kideak, Bombín aitaren familiaren izenean, hartu dute hitza,
Ekitaldia hiru pertsonak hil zituzten lekua gogorarazten duen totemaren ondoan egin da, Biasteritik Logroñora doan errepidean, Traizioaren Bidea izenekoan. Totemak, hiru pertsona horien omenez, honela dio: ‘Demokrazia eta giza eskubideen aurka altxatu zirenek leku honetan 1936ko uztailaren 25ean erail zituzten. Ez zaituztegu ahaztuko’.
Totemaren sinadurak erakunde eta eragile bultzatzaileak dira: Gogora, Memoriaren Nafarroako Institutua, Guardiako Udala eta La Barranca Elkartea. Guztien ordezkariak izan dira ekitaldian, baita Nafarroako Fusilatutakoen Senideen elkarteko kideak ere.
Ohorezko aurreskuaren ondoren, bertaratutakoek loreak utzi dituzte bertan.