Hurrengo urterako aurrekontu aurreproiektua eta 2017-2020 aldirako Jarduera Plana onartu ditu GOGORA ren Zuzendaritza Kontseiluak
Argitalpen-data:
- GOGORA k 2017-2020 aldirako ezarri dituen helburuak dira: bere egitura sendotzea eta zabaltzea, adostasun pluralak batzea, herritarrekiko memoriaren konexioa eta iraganari buruzko hausnarketa kritikoen sustapena
- Programak 9 ekimen ditu, 3 eremutan egituratuta: zeharkakoa, Memoria Historikoa eta Oraintsuko Memoria
- Zuzendaritza Kontseiluak 2018rako 2.056.000 euroko aurrekontua jasotzen duen proiektua onartu du
- 2017-2012 Jarduera-Plana ikusi
Behin ekarpenetarako epea agortuta, GOGORA ren Zuzendaritza Kontseiluak 2017-2020 aldirako Jarduera Programa onartu du. Programa uztaileko Zuzendaritza Kontseiluan aurkeztu zen eta bertan 9 ekimen jasotzen dira, 3 eremutan egituratuta: zeharkakoa, Memoria Historikoari dagokiona eta Gertuko Memoriari dagokiona.
Hezkuntza, Jarduera Plan honen eremu estrategikoa da eta horrexegatik, ekimenetako bat memoriaren balio pedagogikoak, bai dimentsio historikoa eta baita dimensio etikoa ere, hezkuntza eremuan sartzera bideratuta dago.
Gertuko Memoriari lotutako proiektuei dagokionez, GOGORA k ikus-entzunezko testigantzen funtsa zabaltzen jarraituko du biktimen eta herritarren lekukotasunak jasoz.
Memoria Historikoari dagokionez, aipagarriak dira egia berreskuratzen laguntzeko proiektuak: 1936-1978 aldian izandako giza eskubideen urraketei buruzko txostena, gorpuak hobietatik ateratzeko plana, DNA bankua eta Memoria-erakundeekin lankidetza.
Gaurko Zuzendaritza Kontseiluan 2018. urterako 2.056.000 euroko aurrekontu proiektua onartu da, erakundearen sendotzea bilatzen duen jarduera programarekin bat datorrena.
Zuzendaritza Kontseiluaren bilera gaur eguerdian izan da, GOGORA k Bilbon duen egoitzan Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia buru duela, Aintzane Ezenarrok, GOGORA ren zuzendariak lagunduta. Bileran Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak eta Izaskun Landaida EMAKUNDEren zuzendariak parte hartu dute, besteak beste. Eusko Jaurlaritzaz gainera, GOGORA n euskal ganberako talde legebiltzarkideak, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiako Aldundiak, azken hau gaurkoan Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak ordezkatuta, EUDEL eta gaian adituak diren hiru pertsona -Eusko Legebiltzarrak izendatuak- daude ordezkatuta.