Lehendakariak Memoriaren Plaza bisitatuko du Zornotzan

Argitalpen-data: 

Erakusketa Herriko Plazan dago, eta irailaren 30era arte egongo da

  • Helburua da Euskadin azken hamarkadetan gertatutakoa batu eta lekukotzen bidez azaltzea, memoria plurala eta partekatua eraikitzeko
  • Memoria Plaza 18 gunetan egon da, jada, eta autonomia-erkidegoko udalerri nagusiak bisitatu ditu, dagoeneko, hiru hiriburuak barne

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiarekin eta Aintzane Ezenarro Gogorako zuzendariarekin batera, gaur eguerdian, Memoria Plaza erakusketa bisitatu du; orain, Bizkaian dago, Amorebieta-Etxano udalerrian. Memoria Plaza 2016an hasi zen; herritarrek parte hartzeko proiektua da, eta helburua da Euskadin azken hamarkadetan gertatutakoa batu eta lekukotzen bidez azaltzea, memoria plurala eta partekatua eraikitzeko. Lehendakariak erakusketaren edukia DBHko 4. mailako hogeita hamar bat ikaslerekin batera partekatu du; ikasleak inguruko eskola-ikasleei zuzendutako tailerretako batean ari ziren parte hartzen.

Erakusketa irailaren 24an inauguratu zen, eta zabalik egongo da igandera arte, irailaren 30era arte. Astean zehar, astelehenetik ostiralera, hogei bat tailer eman dira; horietan, 500 ikasle inguruk parte hartu dute. Urkullu Lehendakaria, tailer horietako batean, Durangoko Fray Juan de Zumarraga Institutuko ikasleekin izan da, eta beraiekin elkarrizketan jardun du eta karpan aurkitu dutenaren gaineko ekarpenak jaso ditu.

Erakusketa martxan jarri zenetik –lehen edizioa Bilbon izan zen, 2016ko otsailean– 34.800 pertsonak parte hartu dute erakusketaren 18 edizioetan eta bertan programatzen diren jardueretan. Horietatik, 5.000 inguru DBHko 4. mailako, batxilergoko eta lanbide-heziketako ikasleak izan dira; publiko horrentzat bereziki diseinatutako prestakuntza-tailerrak dira.

Ikusi beste esperientzia batzuk

HELBURUAK

Ekimenaren bidez honako helburu hauei erantzun nahi zaie: (1) memoria erakusketa baten bidez zabaldu eta partekatzea eta guztion artean eraikitako hausnarketa sustatzea; (2) herritarrek memoriaren lekukotza utzi ahal izateko espazioa eskaintzea; (3) udal-ingurunean memoriak lantzea eta, horretarako, dinamikak sustatzea, lehenaren hausnarketa kritikoak partekatzeko; (4) herritarrei Gogora Institutuaren berri ematea eta hura hurbiltzea.

ERAKUSKETA EREMUA

Erakusketa karpa batean dago, eta zenbait eremu ditu:

  • Lekukotzak grabatzeko gunea: erakusketara bertaratzen direnek in situ idatzi edo grabatu ahalko dute beren memoriaren lekukotza.
  • Lekukotzen bideoak: bertaratzen direnek frankismoaren, terrorismoaren eta 107/2012 Dekretuaren bidez babestuta dauden biktimen memoriaren lekukotzak entzun ahalko dituzte.
  • Dokumentalak eta hitzaldiak emateko gunea.
  • Mezuen horma-irudia: bertaratzen direnek beren mezua idatziz utzi ahalko dute horma-irudi batean, bai eta urna batean ere, Gogora Institutuan gorde eta Memoria Plazaren web-orrialdean argitaratzeko.