Argitalpen-data: 2016/02/04

100 lagun inguruk hartu dute pare Bilboko memoriaren plaza ekimeneko Biktimen eta gizartearen arteko elkarrizketa mahai-inguruan

Memoriaren Plaza erakusketaren helburua da Euskadin azken urteotan bizitakoari buruzko memoria biltzea eta azaltzea, gogoeta sustatzeko

Memoriaren Plazako laugarren egunean, memoria eraikitzeko moduari buruz jardun duten 100 lagun inguru bildu dira. Gaur arratsaldeko 18:00etan, Bilboko Areatzan egin duten «Memoria eraikiz: biktimen eta gizartearen arteko elkarrizketa» dinamikaren helburua pertsonen arteko dialogoa sortzea izan da. Memoria Plaza herritarrek parte hartzeko proiektu bat da; helburua da Euskadin azken urteotan gertatutakoei buruzko lekukotzak biltzea eta azaltzea, memoria plural eta partekatu bat eraikitzeko asmoz.

Bertaratutako pertsonekin hamahiru talde sortu dituzte, bakoitza zazpi lagunez osatua, artean biktima bat, gehi moderatzailea. Dinamikaren bidez, taldekide bakoitzak bere iritziak eman behar ditu lau arlori buruz: gogoratzen dituzten azken 80 urteetako terrorismo-ekintzak, gogoratzen dituzten alderdi positiboak, memoriaren erabilera eta belaunaldi berriei zer mezu helarazi behar zaien.

90 herritar eta mota ezberdineko indarkeriako hainbat biktima elkartu dira. Bilboko alkate Juan Mari Aburto ere izan da parte hartzen, memoriari eta bizikidetzari buruz dituen oroitzapenak adieraziz.

Hurrengo ekitaldiak

Memoria Plaza otsailaren 12ra arte egongo da Bilbon. Goizetan, ikastetxeetako umeentzako eta zenbait egunetan, herritarrentzako dinamikak antolatu dituzte. Zehazki, datorren asteartean, 19:00etan, GAEren terrorismoari buruzko «Aldana: isiltasun-eztanda» zine-foruma egingo da. Eta ostegunean, 19:00etan, ETAko kide ohien hausnarketak jasotzen dituen «Autokritikaren balioa» dokumentala izango da ikusgai.