Argitalpen-data: 2017/03/30
Lehendakaria Durangoko bonbardaketaren 80. urteurrenaren ekitaldira bertaratu da
Iñigo Urkullu Lehendakaria Durangoko Bonbardaketaren 80. urteurrena dela-eta antolatutako oroitzapen-ekitaldira bertaratu da eta herri horretan hil zituzten 300etik gora pertsonak gogora ekarri nahi izan ditu bertan. Gainera, Lehendakariak gogora razi duenez krimen haren egileek eta eragileek, euren erantzukizuna inoiz onartu ez dutenek, “aukera bikaina” dute orain egin zituzten krimenak kondenatzeko eta biktimak aintzatesteko.
Joan den martxoaren 17tik apirilaren 6ra arte, Durangok hogei bat jarduera hartu ditu bertan, 80. urteurren honetan oroitzapena egiteko: Gerra Zibileko biktimei egingo zaien omenaldia, solasaldiak, zine-saioak, tailerrak eta erakusketak, Picasso Durangotik Gernikara, besteak beste, Arte eta Historia Museoan ikusgai jarria.
Uribarriko Andra Mariaren Basilikan gaur izan den oroitzapen-ekitaldira bertaratu dira Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkoreka, Osasun sailburu Jon Darpón, Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Heredia eta Justizia eta Laneko sailburu Mª Jesús San José, baita Gogora erakundeko zuzendari Aintzane Ezenarro ere. Durangoko udala ordezkatuz, herriko alkate Aitziber Idigoras izan da bertan, besteren artean. Ekitaldian zehar bonbardaketaren biktimen hiru ondorengori ere eman zaie hitza, eta gertakariari buruzko bideo bat proiektatu da. Gainera, dantza eta txalaparta emanaldiak izan dira tartean.
Biktimak gogora ekartzeaz eta “askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatu zirenak” aintzatesteaz gainera, memoria bizirik iraunarazteko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa azpimarratu du Lehendakariak. Bonbardaketaren egileek eta eragileek euren erantzukizuna orain arte aitortu ez izana salatu du Urkulluk, eta adierazi du “aukera bikaina” dutela orain “Errepublika eraitsi zuen altxamendu ilegitimoa gaitzesteko", populazio zibilaren aurkako bonbardaketak salatzeko, egindako krimenak kondenatzeko eta biktimak aintzatesteko. Gainera, min du Espainiako Gobernuak biktima horiek aintzatesteko ekitaldirik egin ez izana.
Azken albisteak
- 2024/10/24
- 2024/10/20
- 2024/10/09