Argitalpen-data: 2017/02/28

Gogora institutuak Getxon ekingo dio Memoria Plaza ekimenari

Erakusketa ikusgai egongo da Areetako Geltokiko Plazan martxoaren 13tik 19ra

Getxoko alkate Imanol Landak eta Aintzane Ezenarro Gogora Institutuaren zuzendariak, Memoria Plaza ekimenak Getxon izango duen programazioa aurkeztu dute gaur. Herritarrek parte hartzeko iaz martxan jarritako proiektu bat da; helburua da Euskadin azken urteotan gertatutakoei buruzko lekukotzak biltzea eta azaltzea, betiere memoria plural eta partekatu bat eraikitzeko asmoz. Erakusketa Areetako Geltokiko Plazan egongo da martxoaren 13tik 19ra.

Imanol Landarentzat ekimen hori aukera bat da lanean jarraitu ahal izateko indarkeriari zilegitasuna kentzeko, eta apustua egiteko giza eskubideetan oinarritutako elkabizitzaren alde, kasu honetan, biktimengandik jasotako testigantza lazgarriei esker. Biktima horien artean badaude Getxoko auzokideak ere. Landak gogoratu duenez "Getxon desberdinen arteko elkarbizitzaren eta bakea eta bizikidetzaren alde egiten dugu. Konpromiso horrek biktimen ezagutzan, errekonozimenduan eta memorian du bere oinarrietako bat. Horren adibideak dira 2009ko martxoan eta ekainean Osoko Bilkuran terrorismoaren, frankismoaren eta Gerra Zibilaren biktimei buruz adostutako akordioak, baita Eusko Jaularitzaren Oroimenaren Egunari eginiko atxikimendua ere".

Helburuak

Ezenarrok azaldu duenez, Memoria Plaza proiektuaren fase ibiltari hau 2016ko urtarrilean abiatu zen, eta lau xede ditu:

  • Memoria jendarteratzea eta partekatzea erakusketa baten bitartez, eta guztion artean eraikitako gogoeta sustatzea.
  • Herritarrei beren memoria-lekukotza uzteko espazio bat eskaintzea.
  • Memoriak udalerrien eremuan lantzea, eta dinamikak sustatzea iraganari buruzko gogoeta kritikoak partekatzeko.
  • Gogora Institutua ezagutaraztea eta herritarrengana hurbiltzea.

Programa Getxon

Gogora institutuaren zuzendariak Memoria Plazaren programazioa azaldu du:

  • Martxoaren 13an, 18:00etan: erakusketaren irekiera-ekitaldia.
  • Martxoaren 14an, 19:00etan: Jordin Lidónen testigantza grabatua, ETAk Getxon hil zuen azken pertsonaren semea.
  • Martxoaren 16an, 19:00etan: Biktimen mahai-ingurua. Carmen Galdeanok, Alex Morenok, Jaione San Sebastiánek eta Pedro Románek hartuko dute parte.

Beste herri batzuetan egin den moduan, Getxoko Memoria Plazak hezkuntza-tailerrak antolatuko ditu goizetan DBH4ko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat, gazteek Memoria eraikitzeko giltzarriak ezagut ditzaten eta gogoeta kritikoa egin dezaten.

Erakusgunea

Areetako Geltokiko plazan kokatuko den erakusketak honako gune hauek izango ditu:

  • Lekukotzak grabatzeko eremua: erakusketara bertaratutakoek beren memoria-lekukotza in situ grabatzeko aukera izango dute.
  • Lekukotzen bideoak: Gerra Zibilaren nahiz 107/2012 Dekretuaren babespeko frankismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dituzte, bai eta terrorismoaren biktimenak ere.
  • Proiekzio- eta debate-eremua: bi dokumental proiektatuko dira eta zenbait mahai-inguru eta talde-dinamika antolatu.
  • Mezuen horma-irudia: bertaratzen direnek beren mezua horma-irudian idatzi ahalko dute.

Memoria Plazaren aurrekariak

Gogora Institutua 2016. urtearen hasieran hasi zen testigantza hauek ezagutarazten eta herritarren zuzeneko testimonio eta emozioak biltzen, eta bere asmoa da honelako eremu gehiago sortzen jarraitzea, nahi duenak bere esperientzia konta dezan.

Orain arte, erakusketa ibiltari hau Bilbon, Durangon, Tolosan, Gasteizen, Eibarren, Donostian, Zarautzen eta Arrasaten egon da. Beste udalerrietako esperientziak eskuragarri daude hurrengo estekan: https://goo.gl/lEJ8Xv