Proiektuak

Kontzentrazio-esparrua eta espetxea

1937 eta 1941 artean, Urduñan, Aita Jesuiten ikastetxean, gerrako presoen kontzentrazio-esparru bat ezarri zen; eta, ondoren, 1939ko urrian, espetxe zentral bat, non gutxienez 225 pertsona hil ziren; horietako 24 kontzentrazio-esparruan. Gatibuetako batzuk behartutako langile gisa erabili zituzten inguru horretan hainbat eraikuntza-lan egiteko.

Urduñako kontzentrazio-esparrua 1937ko uztailean hasi zen martxan, matxinatutako bandoak eremu sare bat martxan jarri zuenean preso hartutako gudulari errepublikarrak modu masiboan kontzentratzeko eta Errepublikaren aldeko inplikazio mailaren arabera sailkatzeko. Arbitrariotasuna eta bizi-baldintza kaskarrak ziren izendatzaile komunak: pilaketa, umiliazioak, gosea, hotza, gaixotasunak eta heriotzak.

Eremu horietako gehienak 1939an itxi ziren; batzuk izan ezik, hala nola Urduñakoa (1939-1941), espetxe bihurtu baitziren. Gerra amaituta, Urduña frankismoaren espetxe-politikaren engranajearen parte bihurtu zen, gerra galdu zutenentzat bereziki diseinatua. Presoen profila aldatu egin zen, Euskaditik urrun zeuden lekuetatik zetozen. Horrela, jakina da Urduñan gatibu zeudela hil ziren pertsona gehienak Extremadura, Andaluzia, Gaztela-Mantxa eta Kataluniakoak zirela.

Dokumentazio historikoaren arabera, Urduñako espetxean hildako 225 presoetatik erdia baino gehiago (127) Extremadurakoak ziren (125 Badajozekoak eta 2 Caceresekoak), eta horietako 87 Castuerako espetxetik eraman zituzten.

Hildako Extremadurako preso horiei gehitu behar zaizkio Gaztela-Mantxako 41 (Ciudad Realeko 34, Toledoko 4 eta Albaceteko 3), Malagako espetxetik 22, Tarragonako 7 eta gainerako 28ak Estatuko beste probintzia batzuetakoak ziren.

Azken aldaketako data: